Udal langile emakumeek deituta, elkarretaratzea egin dute udaletxe aurrean euskal gehiengo sindikalak deitutako lan uztea hasi den une berea, goizeko 11:00etan. Belaunaldi ezberdinetako emakumeak batu ditu hitzorduak. Eremu ezberdinetakoak; udal hautetsi eta langileak, Udarregi Ikastolako langileak, haurren zaintza lanean zeuden amak eta amonak, emakume gazteak... Eta tartean, baita gizonezkorik ere.
Ezohikoa izan da bertan atera ahal izan dugun irudia. Aurrekaririk gabekoa. Gaurko deitua dagoen greba feministarekin bat eginez, emakumeek planto egin eta plazara irten dira. Haietako bat baino gehiago, Usurbilgo udaletxe aurreko mobilizaziotik Donostian deitua zegoen manifestaziora joan da zuzenean. Eguerdiko 12:00etan eta iluntzeko 20:00etan mobilizazio bana deituak daude hiriburuan, Bulebarrean.
Martxoaren 8ko greba feministaren aldarrikapenekin bat, “emakumeok planto”.
Martxoaren 8an izango den greba, ez da ohiko greba bat, besteak beste, nazioarteko mugimendu feministak deitua delako. Gurean egindako deialdia, erakunde, kolektibo- sozial, politiko eta sindikalen babesarekin egin da eta grebak lan mundutik haratago joan nahian, lau esparrutan izango du eragina: enpleguan, hezkuntzan, zaintzan eta kontsumoan.
Martxoaren 8an, “Emakumeok planto” esaten dugunean, besteen artean; enpleguak modu ezberdinean baloratzeari, zaintza lanak gutxiesteari, soldaten arrakalari, lanaldi partzialak izateari, emakumeok jasaten dugun indarkeriari edo sistema patriarkalak gugan duen eraginari,esaten diogu planto.
Martxoaren 8ko greba feminista babesteko egin den deialdirako proposamena aztertu ondoren, otsailaren 26an egindako bileran, Martxoaren 8ko greba feministaren aldarrikapenekin Usurbilgo Udal emakume langileok bat egiten dugu eta eskatzen dugu.
- Martxoaren 8an goizeko 11:00etan Udaletxe aurrean “emakumeok planto” lelopean mugimendu feministak deituriko lanuztearen adierazle den elkarretaratzean parte-hartzea
- Udalbatzak otsaileko plenoan martxoak 8ren inguruan onartuako mozioari jarraituz, Udalbatzak greba egitea erraztea eta martxoaren 8an egingo den lanuztearen ondorioz kendutako soldata, Usurbilgo Udalak duen berdintasun planera bideratzea.