Xabier Rey presoaren heriotza salatzeko elkarretaratzea egin dute

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 9a, 13:40

 

Xabier Rey Urmeneta preso iruñearraren heriotza salatzeko elkarretaratzea egin dute ostiral iluntze honetan Mikel Laboa plazan. Asteartean hil zen, sorterritik 1.050 kilometrora, Puerto III, Puerto de Santamariako espetxean. "Xabierren heriotza ekidin zitekeen. Baina ez dute nahi izan", salatu du Etxerat-ek. 

Heriotza honen "erantzukizun osoa espainiar estatuak mantentzen duen salbuespenezko espetxe politika suntsitzaile  honek dauka". Babesa adierazi die Etxerat-ek, senide eta ingurukoei. "Gure mina azaldu eta gure dolumin eta elkartasuna helarazi nahi diegu Xabier Rey Urmenetaren senide eta gertukoenei. Zuekin gaude".

Preso nafarrak hamar urte zeramatzan lehen graduan, erregimen itxi batean. Eguneko 4 ordu baino ez zituen patioan egoteko, gainerako orduak ziega barruan egin behar zituen, otorduak barne. Espetxean programatutako jarduerak egin edo espetxeko instalakuntzetara sartzeko debekua zuen. Preso iruñearra kondena luzea duten eta urrun dauden espetxetan betetzen ari diren euskal preso politikoen kolektiboko kidea zen, hondatze fisiko eta psikiko ikaragarria sufritzen duten kolektiboko kidea zen".

10 urtez lehen graduan

Lehen graduaren aplikazio sistematikoak espetxe legedian aurrerapausorik lortzeko ate guztiak ixten dituela gogorarazten du Etxerat-ek. "Baina, are gehiago, espetxe jarduera oro egiteko oztopo eta debekuak sorrarazten ditu espetxe bizitzari aurre egiteko. Presoa giltzaperatzen dute. Isolamendua areagotu, deserrotzearen alde egin, muturreko egoerak eraginarazi eta etengabe mantendu. Hamar urtez lehen graduan preso egon ondoren, ze izen jarriko diogu Xabiren heriotzari? Sakabanaketa politikaren aldekoek ze esango dute honetaz haien ardura ukatzeko?", galdetzen du Etxerat-ek.

Senideek pairaturiko egoera bidegabea ere agerian utzi dute.  "Ez ote da krudela Xabier Reyren senide eta gertukoek 1.050 kilometro egin behar izatea Puerto de Santa Mariaraino, haien senide maitearen gorpu bizigabea ekartzeko, 10 urte luzez egin dituzten bidaia amaigabeen eta nekagarrien antzera? Zigor bikoitza eragiten duen urrunketa eta dispertsio politika berbera da senide eta lagunek jasan behar dutena. Espetxe politika horrek berak eragiten du senide eta lagunek ezintasunez eta minez egin behar izatea tramite eta dokumentazio guztia haien maitea lehen bai lehen etxera ekartzeko".