Errepide eta trenbide pasabideetako segurtasun falta salatzeko herritarren agerraldia martxoaren 17an

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 9a, 12:45

Herritarren prentsaurreko handi bat iragarri dute martxoaren 17rako. Bertan, gaurkotasun handiko baina aspalditik herri honek bizi duen egoera salatu nahi da. Usurbil zeharkatzen duten trenbideko eta N-634 errepideko hainbat puntuetan dagoen segurtasun falta hain zuzen. "Honen guztiaren berri eman eta egoera salatzeko, martxoaren 17an, larunbatez, herritarren prentsaurreko handi bat egin nahi dugu, gure ahotsa, eskaria eta salaketa dagokion erakundeetara irits dadin. Animatu eta parte hartu!" deitu dute, helarazi duten ondoko ohar honen bidez: 

Puntu beltzik ez

Usurbil seguru eta jasangarria orain

Hilabeteotan, herritarrok eta Udala eskuz esku aritu gara hausnarrean Usurbil bizigarria, segurua eta jasangarria eraiki nahian.

Azterlanak agerian utzi nahi du gure herrian badihtugula pasagune arriskutsuak eta herritarrok gure egunerokoan arrisku ugari hartzen ditugula. Mugikortasun segurua eta jasangarria, beraz, lehentasunezko bihurtu zaigu.

N-634 errepideak eta trenbide-sareak gure herria zeharkatzen dute alderik alde, eta horietan hainbat puntu beltz daude. Bestelako alternatibarik ezean, oraindik ere bai errepidea bai trenbidea gurutzatzera behartuta gaude, gure eguneroko joan-etorrietan. 

Egoerak ezin du horrela jarraitu. Gogorarazi nahi dugu, iazko urrian, Manuel Diaz usurbildarra hil zela Troiako pasagunean, auto batek harrapatuta. Gutako edonor izan daiteke hurrengoa, eta ez gaude prest halakorik onartzeko.

Erakunde ororen lehentasuna behar du izan herritarron segurtasuna, eta, horregatik, gure segurtasuna bermatzeko hartu beharreko neurriak hartzeko exijitzen diegu Usurbilgo Udalari, baina bereziki Gipuzkoako Diputazioari eta Eusko Jaurlaritzari.

Honen guztiaren berri eman eta egoera salatzeko, martxoaren 17an, larunbatez, herritarren prentsaurreko handi bat egin nahi nahi dugu, gure ahotsa, eskaria eta salaketa dagokion erakundeetara iritsi dadin. Animatu eta parte hartu! 

HERRITARREN AGERRALDIA:

Eguna: martxoaren 17an (larunbata).

Ordua: 13:00.

Tokia: Usurbilgo frontoia.