Merkataritzagune proiektu berrientzako moratoria aplikatzea eskatu du EHBilduk

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 9a, 11:49

Merkataritza-gune handien sektorea arautu arte, proiektu berriak ez baimentzea eskatu zion Usurbilgo Udalak Eusko Jaurlaritzari, otsailaren 27ak osoko bilkuran udalbatzak gehiengo osoz onartu zuen mozio bidez. Hondarribia eta Usurbil tartean azken aldian zenbat merkataritza gune eraiki dituzten edo daudenak handitzeko zenbat proiektu abian dauden ohartarazten zuen aipatu testuak. “Gutxi gorabeherako estimazioa eginda, esan daiteke horiek gauzatuz gero beste 155.000 metro karratu gehiago okupatuko liratekeela merkataritza-gune handietarako. Donostialdea, de facto, korridore komertzial handi bat bihurtuko litzateke”.

Ostiral honetan agerraldia egin dute Donostia inguruko udaletako EHBilduko ordezkariek. Ildo beretik mintzatu eta kezkatuta agertu dira, Irun, Hondarribia, Errenteria, Lezo, Pasaia, Oiartzun, Donostia, Lasarte-Oria, Hernani, Astigarraga, Andoain eta Usurbilgo hautetsiak. Eskaera bikoitza luzatu diete inguruotako udalei. Merkataritza gune handi berriei moratoria aplikatzea eta Donostia inguruko udalek ez dezatela inongo garapenik ahalbidetu. 

Sektoren erregulatzeko eskaera

Ohartarazten dutenez, Hondarribia ingurutik Usurbila, 180.000 metro karratu inguruko eremua hartzen dute merkataritza gune handiek, eta hori gutxi ez balitz, "azken aldian maiz ari zaizkigu iristen merkataritzagune handiei buruzko albisteak. Gune berrien proiektuak nonahi sortu dira". Merkataritza gune berriak eraiki edo daudenak handitzeko egun mahai gainean dauden proiektu guztiak gauzatzen badira, merkataritzagune handien azalera ia bikoiztu eta "Donostialdea, de facto, korridore komertzial handi bat bihurtuko litzateke"  ohartarazi dute EHBilduko hautetsiok. Horrek ekar dezakeen desegonkortzearekin. "Proiektu berrien presakako tramitazioek desestabilizazioa ekar dezakete. Onar dezagun orain ere ahula dela oreka hori eta kaltetu nagusia, zalantzarik gabe, merkataritza txikia dela".

Horren aurrean, sektorea erregulatzea beharrezkotzat jotzen dute. "Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Arloko Plan berrian, merkataritzagune handiei 2004an ezarritako mugak berreskuratzea, eta bestetik, moratoria bat aplikatzea. Eta, halaber, plan hori onartu bitartean, Donostia inguruko udalek inongo garapenik ez ahalbidetzea. Horrela, indar politiko nagusien artean egoeraren diagnostikoa egin eta, erabaki okerrak hartu baino lehen, ahalik eta akordio politikorik zabalena egiteko aukera izango genuke". Honatx plazaratu duten adierazpena bere osotasunean:

Irudia: EHBildu.

DONOSTIA INGURUKO EHBILDUKO UDAL HAUTETSIEN ADIERAZPENA

Irun, Hondarribia, Errenteria, Lezo, Pasaia, Oiartzun, Donostia, Lasarte-Oria, Hernani, Astigarraga, Andoain eta Usurbilgo hautetsiok geure lurraldearen garapen iraunkor eta orekatuarekin lotutako eskaintza egin nahi dugu EH Bilduren izenean.

Kezka dugu, eta kezka hori partekatua da Gipuzkoako hainbat sektore sozioekonomikotan, merkataritzagune handien zabalkundeak hankaz gora jar ditzakeelako dagoeneko ahul samarrak izan daitezkeen orekak.

Gaur egun, Donostia inguruan, ekialdetik mendebaldera, merkataritzagune handiek 180.000 metro koadro hartzen dituzte: Txingudi, Lintzirin, Urbil, Garbera, Belartza... Gaur egungoa gutxi ez, eta azken aldian maiz ari zaizkigu iristen merkataritzagune handiei buruzko albisteak. Gune berrien proiektuak nonahi sortu dira. Eta kezkatuta gaude, izan ere, merkataritzagune handiak sortzeko edo oraingoak zabaltzeko gaur egun mahai gainean dauden proiektu guztiak gauzatzen badira, beste 200.000 bat metro koadro izango ditugulako, datozen urteetan, eremu txiki honetan. Besteak beste: Zaldunbordako outlet berria, Hondarribian (40.000 metro koadro); Garberaren zabalkundea, Ilunbe eta Belartza 2 Donostian (beste 100.000 metro koadro baino gehiago); Teresategi eta Michelin, Lasarte-Orian (37.000 metro koadro); Urbilen handitzea, Usurbilen (37.000 metro koadro)... Proiektu horiek guztiak eta aurreikusitako beste batzuk gauzatuz gero, merkataritzagune handien azalera ia bikoiztu egingo da Bidasoaldean, Oarsoaldean, Donostialdean eta Buruntzaldean. Donostialdea, de facto, korridore komertzial handi bat bihurtuko litzateke.

Paradoxikoki, handitzeko joera hori ez dator bat mundu zabalean, eta guregandik

gertu ere, nabarmentzen den ereduaren krisiarekin. Gaur egun, merkataritzaguneak ixten ari dira. Joera orokorra da, bestelako eredu batzuek, bereziki online merkataritzak, hartu duten indarrarengatik. Hala, gaur egun salerosketak hiru bide nagusi ditu: merkataritzagune handiak, internet bidezko salerosketa eta dendari txikiak. Bakoitzak bere tokia izan dezake, baina lurralde osoaren garapen iraunkorra bilatu nahi badugu, eta herri eta auzo biziak nahi baditugu, oreka ezinbestekoa da. Proiektu berrien presakako tramitazioek desestabilizazioa ekar dezakete. Onar dezagun orain ere ahula dela oreka hori eta kaltetu nagusia, zalantzarik gabe, merkataritza txikia dela. Datu bat ematearren: azken hamar urtean, Donostian, 557 denda itxi dira.

Donostia inguruan aurreikusten diren merkataritzagune handien inguruan dauden proiektu guztiak aurrera ematen badira, beraz, oraingo oreka ahula lehertu egingo da erabat. Eta kaltetuak dendari txikiak izango dira, eta haiekin batera, gure herriak eta gure herritarrak. Merkatari txikiak gure herrietako sare ekonomikoko eta sozialeko parte ezinbestekoa direlako.

Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da sektorea erregulatzea. Inoiz baino beharrezkoagoa da merkataritza-, kontsumo- eta bizi-ohiturak zaintzea, eta gure herrietako izaera, erro sakonak dituena, babestea.

Justu, orain, Eusko Jaurlaritza merkataritzagune handiei buruzko Lurralde Arloko Plana egiten ari da -aurrekoa 2004koa zen- eta han jasoko diren arauek eragin nabarmena izango dutela sektorean.

Donostia inguruan, eki eta mendebaldean, merkataritzaren inguruko oreka erabat hauts daitekeela-eta, eta dendari txikien defentsan, EH Bilduk honako eskaintza hau egin nahi die gainerako indar politikoei eta, bereziki, haien ardura instituzionalarengatik, PNV eta PSEri: batetik, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Arloko Plan berrian, merkataritzagune handiei 2004an ezarritako mugak berreskuratzea, eta bestetik, moratoria bat aplikatzea. Eta, halaber, plan hori onartu bitartean, Donostia inguruko udalek inongo garapenik ez ahalbidetzea. Horrela, indar politiko nagusien artean egoeraren diagnostikoa egin eta, erabaki okerrak hartu baino lehen, ahalik eta akordio politikorik zabalena egiteko aukera izango genuke.

EH Bildu koherentea izango da planteamendu honekin, eta gure udaletan lantzen ari diren arau subsidiarioen berrikuspenetan edota plan orokor berriak aipatutako irizpideon arabera egiteko konpromisoa hartzen dugu.

Arduraz jokatzeko garaia dela uste dugu, izan ere, orain hartuko diren neurriek erabat baldintza dezakete gure eskualdeetako dendari txikien etorkizuna eta, ondorioz, gure auzo eta herrien bizi-kalitatea, lokal hutsez beteriko kaleak eta plaza hutsak inork ez dituelako ikusi nahi; lotarako herrietan inork ez duelako bizi nahi. EH Bildu koherentea izango da apustu honekin, eta PNVk eta PSOEk berdin egitea espero dugu.