Gaurtik, Gure Esku Dagoren ekainaren 10eko giza-katean izen emateko aukera

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 9a, 13:19

2014ko ekainaren 8koa izugarria izan zen, ahaztezina. Erronka handia izan zen, baina Gure Esku Dago mugimenduaren deialdiari jarraiki, milaka herritarren borondatez Durangotik Iruñeara 123 kilometro luze zituen giza-katea osatu zen euskaldunon erabakitze eskubidearen alde. 

Aurten esperientzia hura berritzeko aukera izango da. Elkarri eskua ematera animatzen gaituzte berriz, etorkizunari eskua ematera. Baina adi, oraingoan askoz giza-kate luzeagoa izatea nahi du Gure Esku Dago mugimenduak. Marka guztiak hautsiko ditu.

Izen emate mahaia Sutegin

Euskal Herrian inoiz egin den mobilizazio handiena izatea nahi dute ekainaren 10ean, Donostian abiatu, Bilbo zeharkatu eta Gasteizko Legebiltzarrean amaituko den erabakitze eskubidearen aldeko giza-katea. 201,9 kilometro luze izango ditu. Eta oraingo hau bai, besteak beste, Usurbildik ere igaroko da. "Ekainaren 10ean berriz ere eskua emango diogu elkarri, erabakiari. Herri burujabea izateko orain inoiz baino gehiago, etorkizuna zu zara", dio Gure Esku Dago mugimenduak argitaratu duen ondoko bideoan.

Herrietako prestaketa lanak abian dituzte, baita Usurbilen ere. Ostiral hoentatik aurrera, Sutegi ondoan jarriko duten mahaian giza-katerako izena eamteko aukera egongo da. "Ekainaren 10eko giza-katea antolatzen hasteko garaia iritsi zaigu guri ere!! Gaurtik hasita, astebururo izango duzu ekimenaz informatu eta giza-katean izena emateko aukera; gure mahaiarekin aurkituko gaituzu frontoi inguruan, ostiral arratsaldetan eta larunbat nahiz igande eguerdietan. Animatu eta hurbildu gurera! Zure Esku Dago!", luzatu dute gonbita Usurbilgo lan taldetik.

 

USURBILDIK IGAROKO DEN GIZA-KATEA

Eguna: ekainak 10, igandea.

Aldarria: "Eman eskua etorkizunari".

Abiapuntua: Donostiako Kontxa.

Helmuga: Gasteiz.

Luzeera: 201,9 kilometro.

Oharra: Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza-katea Usurbildik igaroko da.

Informazio gehiago: gureeskudago.eus

Deitzailea: Gure Esku Dago.