Udal diru-laguntzak eskatzeko epea azken txanpan

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 12a, 08:18

2018ko udal diru-laguntzak eskatzeko epea astearte honetan, martxoaren 13an itxiko da.

Urtarrilaren 30eko Tokiko Gobernu Batzarrean zazpi diru-laguntza deialdien oinarriak onartu zituzten. Iazko laguntza lerro kopuruarekin alderatuta, aurtengoan berri bat jarriko dute herritarren eskura. 

Udal diru-laguntza politikari eusteko beharra nabarmentzen du udal gobernu taldeak, "izan ere, udal gobernu honen iritziz, herriko taldeek egiten duten lanari esker dugu herri bizia eta dinamikoa, solidarioa, euskalduna, parekidea, eramangarria, abegikorra, eta hori horrela izaten jarrai dezan, gure ekarpen ekonomikoa egiten jarraituko dugu. 750.000 euro ingurukoa izango da laguntza hori. Auzolana eta elkarlana gisako baloreak, galdu ezinezkotzat ditugu".

2018ko UDAL DIRU-LAGUNTZA DEIALDIAK

-Deserrotze eta baztertze sozialeko arriskuan dauden pertsonen senideei erantzuteko diru-laguntza deialdia (laguntza lerro berria):

"Erabaki judizial bat betetzearen ondorioz (barneratzea zentro psikiatriko batean, kartzelan, drogamenpekotasun zentro batean) herritik kanpo egon eta beraren ingurune familiarrera etorri ezin diren usurbildarren senideek egiten dituzten joan-etorrien gastuak ordaintzeko diru-laguntza" deialdia. Laguntza hauen onuradunak izan daitezke, lehentasun ordena honetan: ezkontidea edo izatezko bikotea, seme-alabak, aita-amak, neba-arrebak, beste senitarteko batzuk. "Onuradun bakarra egon daiteke barneratu bakoitzeko". 

Informazio gehiago: deserrotze eta baztertze sozialeko arriskuan dauden pertsonen senideei erantzuteko diru-laguntza deialdia

-Gizarte zerbitzuen arloan egitasmoak burutzeko diru-laguntza deialdia:

Elkarteek, bestelako erakundeek eta norbanakoek gizarte zerbitzuen arloan egiten dituzten ekimenak bultzatu eta sustatzeko diru laguntzak emateko deialdia da. 

Aurreikusitako partida: 12.000 euro.

Informazio gehiago: gizarte zerbitzuetako diru-laguntza deialdia

-Igogailuak instalatzeko diru-laguntza deialdia:

Herrian bi solairu edo gehiago izan eta nagusiki etxebizitzarako erabiltzen diren eraikinetan igogailuaren instalazioa bultzatu eta sustatzeko diru-laguntza deialdia, "2017. urtean zehar amaitutako instalazio jarduerak diruz laguntzeko". Oinarrietan zehazten denez, "ezin izango dute diru-laguntzarik jaso igogailua aldatzen dutenek, ezta, oro har, promotore berriek edo kontratistek eraikuntza berriko eraikinetan igogailua jartzeko jarduerak". 

Aurreikusitako partida: 10.000 euro.

Informazio gehiago: igogailuak jartzeko diru-laguntza deialdia

-Nekazaritza-abeltzaintza arloko egitasmoak laguntzeko diru-laguntza deialdia:

Elkarte, erakunde eta norbanakoek udalerrian egiten dituzten nekazaritza-abeltzaintza arloko ekimenak bultzatu eta sustatzeko diru-laguntza deialdia. 

Aurreikusitako partida: 15.000 euro.

Informazio gehiago: Nekazaritza eta abeltzaintzako diru-laguntza deialdia

-Ingurumen arloko egitasmoak laguntzeko diru-laguntza deialdia:

Elkarte, erakunde eta norbanakoek udalerrian egiten dituzten ingurumen arloko egitasmoak bultzatu eta sustatzeko diru-laguntza deialdia.

Aurreikusitako partida: 5.000 euro.

Informazio gehiago: ingurumeneko diru-laguntza deialdia

-Kultur egitasmoak garatzeko diru-laguntza deialdia:

Elkarte, erakunde eta norbanakoek udalerrian egiten dituzten kultur ekimenak bultzatu eta sustatzeko diru-laguntza deialdia. "Diru-laguntza hauen bidez helburu hauek lortu nahi dira: Kultura Sare eraldatzailea, dinamikoa eta parte-hartzailea sustatzea, kultur eskaintza erakargarria, anitza, hurbila eta eskuragarria sortuz, herritarrek ongi pasatzera bideratua dagoena eta era berean, bertako kultura balioan jarri eta gizarte integratzailea eraikitzen lagunduko duena". 

Aurreikusitako partida: 80.000 euro.

Informazio gehiago: kulturako diru-laguntza deialdia

-Kirol egitasmoak garatzeko diru-laguntza deialdia:

Kirol elkarteek, bestelako kirol erakundeek eta norbanakoek udalerrian egiten dituzten kirol ekimenak bultzatu eta sustatzeko diru laguntza deialdia.

Aurreikusitako partida: 45.000 euro kirol taldeentzat, 5.000 euro emakume eta gizonen berdintasun jardueretarako, 3.000 kirol egokiturako eta 1.000 euro kirol elkarteak ez diren kirol jardueretarako.

Informazio gehiago: kiroletako diru-laguntza deialdia

Informazio gehiago...

Otsailaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala