Ikastolaren 50. urtemugako disko grabaketaren entsegua gaur

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 12a, 09:24

Udarregi Ikastolak aurten beteko duen mende erdiari doinua jarriko diote disko grabaketa batekin. "12 kantez/doinuz eta bertso batekin osatutako diskoa grabatuko dugu!!!", iragarri dute ikastolatik. Ikastolako komunitateko kide guztiak daude gonbidatuak grabaketan parte hartzera. "Disko horretan, ikastola osatzen dugun guztiok parte hartzera gonbidatuta gaude, guraso, guraso ohi, aiton-amonak, ikasleak, ikasle-ohiak, irakasleak, irakasle-ohiak eta langileak", adierazi dute. 

Astelehen honetan izango da entsegua, ostegunean grabazioa: 

-Martxoak 12, astelehena, 18:00 Entsegua Agerialdeko musika gelan.

-Martxoak 15, osteguna, 17:15 Diskoaren grabaketa.

Ikastolaren mende erdia iruditan

50. urtemugako ekimenen artean, mende erdi honen errepasoa egiten lagunduko duen argazki erakusketa antolatu du Udarregi Ikastolak hurrengo asterako. Martxoaren 19tik 23ra izango duzue ikusgai Sutegin, 17:00-19:00 artean. Irekiera ekitaldia berriz, astelehenez, hilaren 19an, arratsaldeko 19:00etan, aipatu moduan, Sutegiko erakusketa aretoan.

50. urtemugaren atarian

Mende erdia beteko du ikastolak 2018. urte honetan. 50. urtemuga inauteriekin batera hasi ziren ospatzen otsailaren 9an. Baina ekimen gehiago antolatzekotan dira hurrengo hilabeteotan ere. Urtemuga berezia merezi bezala ospatu asmoz, ekitaldi ezberdinak antolatzekotan dira. Ekimenok bideratzeko irakasle talde bat osatu dute jada, “baina hezkuntza-komunitate osoaren artean ospatu nahi dugu!”. Antolaketan parte hartu eta ideia berriak proposatzera animatzen dute. “Ilusioz beterik gattunk! Barreiatu dezagun bada, bazter guztietara gogoa eta ilusioa!!! Guztion artean jantzi dezagun 50. garrena!”. Udarregi.eus atarian sartu eta jada proposatu dituzten ekintzetan laguntzeko izen emateko aukera duzue. Aurreikusi diren ekintzetako batzuk dituzue segidan:

-Martxoa: atzotik gaurdaino: ikasle, irakasle, lehendakari eta familia ohiak….

-Apirila: Udarregi 50. urte bertsotan: Udarregi bertsolari, Udarregi ikastola….

-Maiatza: Udarregi sagardi artean: Usurbilgo bideetan barna (ibilaldi, paseo…).

-Ekaina: Ikastola Eguna. “Izango gattunk beste 50 urteetan! Bai horixe!”.