Bestelako ekimenekin batera, bi eztabaida saio gehiago iragarri dituzte hurrengo asteotarako Hitzartu eskuhartze prozesuko sustatzaileek. Bat, "Hondakinak eta Ekonomia" hizpide izango dituena, bestea hondakinen kudeaketa eredu ezberdinak ezagutzea ahalbidetuko duena. Hitzorduok gerturatzen joan ahala, saio hauen gaineko xehetasun gehiago ematen joango direla iragarri dute ohar bidez.
Gogoan izan, jada bi jardunaldi egin dituzte azken asteotan. Martxoaren 2an, osasun publikoaren ingurukoa egin zuten. Bertan CSIC-eko bi zientzialarik Zubietako erraustegiari buruzko txostena aurkeztu zuten. Eusko Jaurlaritzak erraustegiari emandako Ingurumen Baimen Bateratuak herritarron osasuna ez duela bermatzen agerian utzi zuten, "atmosferara isurtzen diren substantziekiko kontrol eta mugarik ez baitu ezartzen". Erraustegiak hainbat substantzia kontrolik gabe isuriko dituela ohartarazten dute, “isuritako substantziok alde egiten ez dutenak dira, metagarriak. Substantziok, dioxinek eta edota furanoek esaterako, kontuan izateko moduko minbizi arriskua sortzen dute instalakuntzon inguruan bizi direnengan”.
Demokraziaz
Joan den ostiralean, demokraziaz eta herritarren parte hartzeaz jardun zuten Arantza Camposek (UPV/EHU), Juanjo Álvarezek (UPV/EHU), Braulio Gómezek (Deustuko Unibertsitatea) eta Jon Sarasuak (Mondragon Unibertsitatea), Iñaki Sotok (Garako zuzendaria) aurkeztu eta moderatu zuen solasaldian.
"Jardunaldian demokraziaren kontzeptuari buruz, eta demokrazia zuzena eta ordezkatuaren arteko orekaz hitz egin zen nagusiki", antolatzaileek nabarmendu dutenez.
"Hondakinen kudeaketarako parte-hartze prozesuak izan dezakeen zailtasunik handiena herritarrek bozkatzen duten alderdiarekiko duten gregarismo eta lerrokatzea izan zitekeen ideiaz ere jardun dira. Zentzu horretan, hainbatetan aipatu da herritarren partehartzea ezin dela bozkatze hutsera mugatu, eta bozkatzeak ez duela suposatzen alderdi horren erabaki guziekin erabat lerrokatzea. Kontrapuntu moduan, alderdi politikoekiko ematen ari den fideltasun galeraz aritu dira. 45 urtez azpiko gazteei, gertutik eragiten dieten gaien inguruan hartzen diren politikak axola zaizkie, ez dute alderdiekiko fideltasun handirik. Horrek, herritarren nahi eta kezken arabera jokatzera behartu beharko lituzke ordezkari politikoak", diote.
Abian den Hitzartu prozesuari buruz ere mintzatu ziren hizlariak. "Partehartzaileek goraipatu dute herritik planteatu den HITZARTU mugimenduarekin aukera baten aurrean gaudela erakusteko orain arte baino askoz demokratikoagoak izan gaitezkeela, eta hondakinen gaiaren inguruko kudeaketa politikoaren porrota gainditzeko. Herritarrok alderdiek baino askoz gaitasun handiagoa dugula elkarren arteko ezinikusi edo gorrotoak bazter usteko. Aipatu da ere hautetsontziek legitimitatea ematen duten arren, gai batzuekin, hondakinena kasu, legitimitate hau oso pobrea geratzen dela herritarren parte-hartzerik gabe".
Hitzartu prozesua noraino heldu daitekeen zalantzak agertu arren, "ekimenak itxaropen handia sortzen duela esatean. Demokrazia partehartzailearen kultura eta herritar kritiko arduratsuak sustatzeko aukera polita izan daitekeela. Interesa ere adierazi dute instituzioek prozesu eta herritar eskaera honi nola erantzungo dion ikusteko".
Hitzartu diruz laguntzeko:
-Hitzartu Kulturalean parte hartzeko bonoak eskuragarri. Aurrerantzean herrietan.
-Hitzartu diruz laguntzeko bideak:
Laboral Kutxa: ES05 3035 0140 33 1400031124
Kutxabank: ES83 2095 5060 10 9117692165
Informazio gehiago:
hitzartu@hitzartu.eus
Twitter: @Hitzartukide