NOAUA! K.E.-ko bazkideen urteko batzar nagusia 18:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 13a, 06:57

Kultur elkarte honetako bazkideon urteko batzar nagusia astearte honetan izango da, martxoaren 13an, Potxoenean. Lehen deialdia 18:00etarako finkatu dugu, bigarrena 18:30etarako. Honatx ahotan hartuko dugun gai zerrenda:

1.-2017ko memoria eta balantze ekonomikoa.

2.-2018ko egitasmoak eta aurrekontuak.

3.-Zuzendaritza Batzordearen osaketa eta onarpena.

4.-Galdera/ erantzunak.

NOAUA! kide izateagatik saritua

Ez gara aspertuko gogorarazteaz. NOAUA!ko bazkide izanda, kultur elkarteko gaietan erabakitze eskubidea izateaz gain, antolatzen diren ekitaldietarako sarreretan beherapenak edota egiten ditugun zozketetan sari ederrak irabazi ditzakezue. Esaterako, txotx bolada honetan, inguruotako sagardotegietan otorduak oparitzen gabiltza azken aldian. Santueneko Aialde-Berrin 2 lagunentzako afari edo bazkaria zozketatu dugu egunotan; Iñaki Manterola Olideni egokitu zaio. Zorionak! NOAUA!kide ez bazara, etorri bulegora eta segituan tramitatuko dizugu bazkidetza. Bestela, deitu 943 360 321 telefono zenbakira edo idatzi elkartea@noaua.eus helbidera.

2017ko astekariak biltzeko garaia

Etxeko berri lerrootan. Ondoko irudian ikus dezakezuen moduan, heldu zaizkigu 2017ko NOAUA! guztiak bildu (683-723 artekoak) eta koadernatu ahal izateko tapak eta aurkibideak. NOAUA!ko egoitzan eskuratu ditzakezue. NOAUA!ko bazkideok doan, gainerakoek 3 euro azalaren eta beste 1,20 euro aurkibidearen truke. Iazko astekari guztien koadernatzea Lizardi edo Laurok liburu dendatan egin ahalko duzue. Hori bai, koadernatzea berdin-berdin ordaindu beharko dute bazkideek eta bazkide ez direnek. Koadernotzeko aleren bat falta bazaizue, NOAUA!ren egoitzara etorri eta eskatu.