Usurbil F.T.-k datorren oporraldirako antolaturiko kirol txokoetan izen emateko aukera egunotan

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 13a, 09:56

Udaberriko oporrak kirola eginez bizitzeko aukera eskainiko du aurten ere Usurbil F.T.-k Usurbilgo Udalaren eta Udarregi Ikastolaren laguntzarekin, apirilaren 3tik 7ra (asteartetik larunbatera); ate joka dugun oporraldian honenbestez. “Aste Santuan kirolak eta jolasez gozatzen jarraitzeko aukera paregabea” izango dute antolatzaileen esanetan, Lehen Hezkuntzako ikasleek, hau da, 6-12 urte arteko haur eta gaztetxoek. Kirol txokoak goizez izango dira, 10:00-13:00 artean.

Izen ematea zabalik

Usurbil F.T.-ren ekimenean parte hartzeko izen emate orria bete eta 50 euroko ordainketa egin beharko da, antolakuntzak Kutxan duen kontu zenbaki honetan: 2095 5069 06 1071029051. Ordainketa egiterakoan ez ahaztu haurren izen-abizenak eta kontzeptuan, “Aste Santua” adierazteaz. Izen emate orria eta ordainagiria Usurbil F.T.-k Haranen duen bulegoan aurkeztu beharko dira, martxoaren 13an edo 15ean, 17:30-19:00 artean. Izena ematen duten gaztetxoen gurasoekin bilera egingo du Usurbil F.T.-k martxoaren 24an 12:00etan Potxoenean. Informazio gehiago jaso edo zalantzak argitzeko futbol taldeak Haranen duen bulegora joan besterik ez duzue edo idatzi bestela, futusurbil@yahoo.es helbidera.

Kirolaren onuretan hezten

Kirola aitzakia gisa hartuta, herriko haurren heziketan partaide aktibo izatea du helburu nagusietakoa ekimen honek. Antolatzen ari dena Usurbil F.T. izan arren, “kirolaren onurak goraipatzen ditugu orokorrean. Horregatik, ekintza honetako eskaintza anitza eta zabala izango da”. Jolasa izango dute ardatz. “Adin hauetan, kirol eta jolas ezberdinak egitea aberasgarria da eta lehiaketak alde batera utzita, haurrek jolasean gustura pasa dezaten nahi dugu. Horretarako, hona hemen praktikatuko ditugun ekintzetako batzuk: eskubaloia, jolas tradizionalak, futbola, eskupilota, herri kirolak, saskibaloia…”.

Kirol jardura eta jolasetarako bereziki Harane futbol zelaia baliatuko badute ere, “hainbat tokitan ibiliko gara: Kiroldegian, frontoian, herrian zehar”.