2014ko ekainean egin bezala, elkarri eskua ematera deitzen gaitu Gure Esku Dago mugimenduak. “Eman eskua etorkizunari” aldarripean, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen 201,9 kilometroko giza-katea antolatzen ari dira ekainaren 10erako. Usurbil eta Aginagatik ere igaroko da erabakitze eskubidearen aldeko mobilizazio erraldoia. Mila herritar baino gehiago beharko dira, herri honen ardurapean egongo den eremua osatzeko. Giza-katerako izen ematea zabalik dago jada. Adi, astebururo inskripzio mahaia jarriko baitu Usurbilgo Gure Esku Dago taldeak frontoi inguruan.
Giza-katerako izena emateaz gain, mahai horretan bertan “ekimena finantzatzeko painueloa (5 euro) eta kamiseta berriak (10 euro) erosteko aukera izango da”. Diruz laguntzeaz gain, antolaketa lanetan ere parte hartu daiteke. “Giza-katea ongi atera dadin, lan asko dugu aurretik eta beraz, laguntza oro izango da ongi etorria. Bakoitzak ahal duen neurrian eta moduan, guztiok gara beharrezkoak erabakitze eskubidearen aldeko borrokan. Bere aletxoa jarri nahi duen edozein herritarri ostegunetako bilera irekietara hurbiltzeko gonbita egiten diogu”.
Irudia: Gure Esku Dago Usurbil.
Usurbil eta Aginagatik igaroko da
Eguna: ekainak 10, igandea.
Aldarria: "Eman eskua etorkizunari".
Ibilbidea: Donostiako Kontxatik Gasteizeraino.
Luzeera: 201,9 kilometro.
Oharra: Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza-katea Usurbil eta Aginagatik igaroko da. Usurbilek bi kilometro betetzeko ardura izango du, Txara paretik (Ugaldea industriagunerako sarbide paretik), Kale Nagusia zeharkatu eta Atxegalde auzoa igaro arte, Ucin enpresa pareraino. Kilometro erdi bat Aginagako Kaxkoan. 1.000 herritar baino gehiago beharko dira.
Informazio gehiago: gureeskudago.eus
Deitzailea: Gure Esku Dago.
Prestaketak
-Giza-katerako izen emate mahaia astebururo frontoi inguruan: ostiral arratsaldeetan, larunbat eta igande eguerdietan.
-Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldearen bilerak ostegunero 19:00etan Potxoenean.
-Informazio gehiago:
Facebook: Gure Esku Dago Usurbil
Twitter: @GureEskuDagoU