Solidarioa izateak duen garrantzia ikasten aritu dira azken aldian, Udarregi Ikastolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak. Eta ikasitakoa inguruan, gizartean eragiteko baliatu dezaketela. Ikasitakoa praktikara eraman eta klase barruko lanketa plazara aterako dute, ostiralean, martxoaren 16an. EKI proiektuaren baitan lantzen ari diren unitatearen barruan, Pausoka Elkartearen aldeko azoka solidarioa antolatu dute frontoian. Pintxoak, pultserak edota ikasleen objektu kuttunak salgai izango dituzte. Bildutako laguntza behar bereziak dituzten haur eta gurasoen aipatu elkartera bideratuko dituzte.
Azoka solidarioa
Eguna: martxoak 16, ostirala.
Ordua: 17:00ak aurrera.
Zehaztasunak: 17:00-17:45 artean, LH6ko ikasleek landutako unitatearen aurkezpena gurasoei Sutegin. Segidan, azoka solidarioa frontoian. Sorpresa batzuk ere iragarri dituzte, baita zozketa bereziak ere.
Ikastolaren 50. urtemugako disko grabaketa
Udarregi Ikastolak aurten beteko duen mende erdiari doinua jarriko diote disko grabaketa batekin. "12 kantez/doinuz eta bertso batekin osatutako diskoa grabatuko dugu!!!", iragarri dute ikastolatik. Ikastolako komunitateko kide guztiak daude gonbidatuak grabaketan parte hartzera. "Disko horretan, ikastola osatzen dugun guztiok parte hartzera gonbidatuta gaude, guraso, guraso ohi, aiton-amonak, ikasleak, ikasle-ohiak, irakasleak, irakasle-ohiak eta langileak", adierazi dute. Astelehenean egin zuten azken entsegua, ostegun honetan, 17:15ean diskoa grabatzekoak dira.
Ikastolaren mende erdia iruditan
50. urtemugako ekimenen artean, mende erdi honen errepasoa egiten lagunduko duen argazki erakusketa antolatu du Udarregi Ikastolak hurrengo asterako. Martxoaren 19tik 23ra izango duzue ikusgai Sutegin, 17:00-19:00 artean. Irekiera ekitaldia berriz, astelehenez, hilaren 19an, arratsaldeko 19:00etan, aipatu moduan, Sutegiko erakusketa aretoan.
50. urtemugaren atarian
Mende erdia beteko du ikastolak 2018. urte honetan. 50. urtemuga inauteriekin batera hasi ziren ospatzen otsailaren 9an. Baina ekimen gehiago antolatzekotan dira hurrengo hilabeteotan ere. Urtemuga berezia merezi bezala ospatu asmoz, ekitaldi ezberdinak antolatzekotan dira. Ekimenok bideratzeko irakasle talde bat osatu dute jada, “baina hezkuntza-komunitate osoaren artean ospatu nahi dugu!”. Antolaketan parte hartu eta ideia berriak proposatzera animatzen dute. “Ilusioz beterik gattunk! Barreiatu dezagun bada, bazter guztietara gogoa eta ilusioa!!! Guztion artean jantzi dezagun 50. garrena!”. Udarregi.eus atarian sartu eta jada proposatu dituzten ekintzetan laguntzeko izen emateko aukera duzue. Aurreikusi diren ekintzetako batzuk dituzue segidan:
-Martxoa: atzotik gaurdaino: ikasle, irakasle, lehendakari eta familia ohiak….
-Apirila: Udarregi 50. urte bertsotan: Udarregi bertsolari, Udarregi ikastola….
-Maiatza: Udarregi sagardi artean: Usurbilgo bideetan barna (ibilaldi, paseo…).
-Ekaina: Ikastola Eguna. “Izango gattunk beste 50 urteetan! Bai horixe!”.