Errekatxiki kale ondoko parketik Kalezarrera igotzeko dauden eskilarak berritzen dabil egunotan Usurbilgo Udala. Bi hilabete iraungo dute Lasuen enpresak egingo dituzten lanek eta 60.490 euroko kostua izango dute. Orain arte zeuden irisgarritasun arazoak konponduko dituzte. “Trazatu berdina mantenduko dute eskilara berriek, eta zabalera handituko da, erosoak izan ahal izateko. Halaber, baranda ere jarriko da, eta argiztatu egingo dira. Albo batean errail bat zabalduko da, bizikletak igo eta jaisteko. Maldan hiru egon-toki ere jarriko dira, eserlekuez hornituta”, berri eman du Udalak.
Lanok amaituta, “Kale Irekiak” prozesuaren baitan haurrek eginiko eskaera gauzatuko du Udalak; jolaserako elementuak jarriko dituzte haurrentzat eskilara ondoko parkean. Urak Bide taldeak landu du proiektua. “Ingurua kontuan hartuta eta integrazioa zainduz atonduko da parkea”, Udalak ohartarazi duenez.
Estalkia jartzen, Aginagako frontoi atzealdean
Bestalde, frontoia ura sartzea saihesteko estalkia jarriko dute pilotaleku atzealdean. Lanak abian ditu Murgil eraikuntzak, ia 40.000 euroko aurrekontua dute. "Metalezko estruktura bat jarriko da, eta estruktura horretan lona mikroperforatu bat jarriko da, estalki modura. Lona horretan aginagarrek aukeratutako argazki zahar bat inprimituko da". Segidan duzue aipaturiko garai bateko argazkia eta proiektuaren irudia.
Irudiak: Usurbilgo Udala.