"Usurbil 0.0" planaren jarraipen-batzordearen bilera 18:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 15a, 11:00

Abian den “Usurbil 0.0” programa ebaluatu eta etorkizuneko erronkak zein lehentasunak finkatzeko bilera iragarri du Usurbilgo Udalak. Ostegunean izango da, martxoaren 15ean, 18:00etan Potxoenean. Batzarra irekia izango da, parte hartu nahi duen ororentzat. 

Ekainean onartu zuten

Ekainaren 27ko osoko ohiko bilkuran gehiengo osoz onartu zuen udalbatzak "Usurbil 0.0", udalerri honi begira, etorkizunerako azken urtebetean landu den hondakinen prebentzio eta kudeaketa programa. "Ibilbide luze baten emaitza da", udalerri honek eremu honetan urte luzez egin duen ibilbide luze batean beste urrats bat, Udalak azpimarratzen duenez. 

Onarturiko programa, 2016ko uztailaren 26ko osoko bilkuratik hona landu da. Pleno hartan, etorkizunean Usurbilek hondakinen prebentzio eta kudeaketara eredu propio bat izateko azterketa batzorde bat eratzea erabaki zen. Ordutik, proposamen tekniko bat landu da. Nazioarteko adituen, udal teknikari eta ordezkari politikoen, edota herritar zein eragileen ekarpenez hornitu da egitasmoa. Programak besteak bestek, gaikako bilketaren bilakaera datuak eta hiri hondakinen bilketa eta tratamendu zerbitzuaren azterketa ekonomikoa jasotzen du.

2023. urtera arteko bide-orria ere zehazten du. Helburu nagusiok finkatu dira hurrengo sei urteotarako:

-2023. urterako Usurbilgo hiriko hondakinen sorrera %10 murriztea eta etxeetako errefusa kopurua 50 kilo biztanleko eta urteko baino urriagoa izatea, erreferentzia urtea 2015a izanik.

-Usurbilen sorturiko biohondakina herrian konpostatu eta erabiltzea (700 tona biohondakin inguru).

-2020 urterako Hiri Hondakinen %90a gaika biltzea, horien kalitatea murriztu gabe. 

-2023an zabortegian isurtzen diren hondakinak gehienez ere %5 material biodegradagarri izatea.

-2023an hiri hondakinen bilketa eta tratamendu zerbitzuaren defizita 0 izatea.

Hurrengo sei urteoi begira udalbatzak onartu zuenez gainera, "programako kronograman zehaztutakoaren arabera, urte bakoitzeko aurrekontuetan jasotako egitasmoak burutzeko beharrezko diru erreserbak egiteko konpromisoa" hartu zuen.