Bigarren greba eguna dute gaur, Zubietako eta Aginagako eskoletan

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 15a, 10:56

Zubieta eta Aginagako Eskolak hutsik daude asteazkenaz geroztik. Greba eguna zuten atzo (martxoak 14), baita ostegun hau ere (martxoak 15). Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan bi egunotarako deitua dagoen grebarekin bat egin dute bi eskola hauek. Gutxieneko zerbitzuak finkatu dituzte.

Guztira, unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan ia 28.000 langile zeuden deituak gaurko grebara eta Haurreskolak Partzuergoko 1.200etik gora langile. Oro har, jarraipen zabala izan zuen deialdiak atzokoan. Sindikatuek helarazitako datuen arabera, irakasleen %75ak, sukalde eta garbiketa lanetako langileen %65ak, Heziketa Bereziko langileen %60ak eta Haurreskolak Partzuergoko langileen %30ak bat egin zuen greba egunokin.  

Murrizketen aurka, lan baldintza hobeen alde

Azken bi ikasturteak kontuan izanda, seigarren greba eguna zuten gaurkoa. "Hezkuntza publiko inbertsioa, plantilak eta baliabideak handitzea, onartezinak diren behin-behinekotasun mailak eta gelako ikasle kopurua murriztea, eta soldatetan, ordezkapenetan, bajetan, erretiroan eta gainerako lan baldintzetan ezarritako murrizketak alde batera uztea" exijitzen ari dira. "Hezkuntza eta ikasleak euskalduntzean aurrerapausoak emango dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea eta, LOMCE eta Heziberri zein hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera utziz, hezkuntza berdintasuna, justizia soziala, integrazioa eta gizarte kohesioa bermatzeko oinarrizko tresna izatea ere" aldarrikatzen dute.

Azken urteotako greba eta mobilizazio hauen bidez, hainbat neurri hartzea eskatzen ari dira Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari:

-Hezkuntza inbertsioa handitzea, gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa, progresiboki %6ra iritsiz.

-EAEko hezkuntza publikoko plantilak gutxienez 2.000 langiletan handitu behar dira kolektibo ezberdinetan.

-Bataz-beste ia %40ko behin-behinekotasuna %6ra murriztu behar da, 6.000 lanpostutik gora egonkortuz kolektibo ezberdinetan.

-Gelako ikasle kopurua %10 murriztu behar da.

-Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratu behar da.

-Ordezkapenak lehen egunetik egitea premiazkoa da.

-Bajak bere osotasunean ordaindu behar dira, gaixotzen diren langileak zigortzeari utziz.

-Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratu behar dira.

-LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.

-Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).

-Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea.

-Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.