Ekainaren 10eko giza-katea prestatzeko, Gure Esku Dagok deitutako bilera irekia 19:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 15a, 11:04

Ekainaren 10ean Donostiatik Gasteizera luzatuko den giza-katea Usurbildik eta Aginagatik ere igaroko da. Etorkizunari eskua ematera deituak gaude herritarrak. Hitzordua prestatzeko bilera irekia du Usurbilgo Gure Esku Dagok ostegun arratsalde honetan 19:00etan Potxoenean. Ordu eta egun horretan biltzen dira astero aipatu lan taldeko kideak. “Giza-katea ongi atera dadin, lan asko dugu aurretik eta beraz, laguntza oro izango da ongi etorria. Bakoitzak ahal duen neurrian eta moduan, guztiok gara beharrezkoak erabakitze eskubidearen aldeko borrokan. Bere aletxoa jarri nahi duen edozein herritarri ostegunetako bilera irekietara hurbiltzeko gonbita egiten diogu”, adierazi dute Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldetik.

Izen emate mahaia astebururo, frontoi inguruan

2014ko ekainean egin bezala, elkarri eskua ematera deitzen gaitu Gure Esku Dago mugimenduak. “Eman eskua etorkizunari” aldarripean, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen 201,9 kilometroko giza-katea antolatzen ari dira ekainaren 10erako. Usurbil eta Aginagatik ere igaroko da erabakitze eskubidearen aldeko mobilizazio erraldoia. Mila herritar baino gehiago beharko dira, herri honen ardurapean egongo den eremua osatzeko. Giza-katerako izen ematea zabalik dago jada. Adi, astebururo inskripzio mahaia jarriko baitu Usurbilgo Gure Esku Dago taldeak frontoi inguruan.

Giza-katerako izena emateaz gain, mahai horretan bertan “ekimena finantzatzeko painueloa (5 euro) eta kamiseta berriak (10 euro) erosteko aukera izango da”. 

Irudia: Gure Esku Dago Usurbil.

Usurbil eta Aginagatik igaroko da

Eguna: ekainak 10, igandea.

Aldarria: "Eman eskua etorkizunari".

Ibilbidea: Donostiako Kontxatik Gasteizeraino.

Luzeera: 201,9 kilometro.

Oharra: Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza-katea Usurbil eta Aginagatik igaroko da. Usurbilek bi kilometro betetzeko ardura izango du, Txara paretik (Ugaldea industriagunerako sarbide paretik), Kale Nagusia zeharkatu eta Atxegalde auzoa igaro arte, Ucin enpresa pareraino. Kilometro erdi bat Aginagako Kaxkoan. 1.000 herritar baino gehiago beharko dira.

Informazio gehiago: gureeskudago.eus

Deitzailea: Gure Esku Dago.

Prestaketak

-Giza-katerako izen emate mahaia astebururo frontoi inguruan: ostiral arratsaldeetan, larunbat eta igande eguerdietan.

-Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldearen bilerak ostegunero 19:00etan Potxoenean.

-Informazio gehiago:

Facebook: Gure Esku Dago Usurbil

Twitter: @GureEskuDagoU