Gaur grabatzekoa dute, Udarregi Ikastolaren 50. urtemugako diskoa

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 15a, 10:46

Udarregi Ikastolak aurten beteko duen mende erdiari doinua jarriko diote disko grabaketa batekin. "12 kantez/doinuz eta bertso batekin osatutako diskoa grabatuko dugu!!!", iragarri dute ikastolatik. Ikastolako komunitateko kide guztiak daude gonbidatuak grabaketan parte hartzera. "Disko horretan, ikastola osatzen dugun guztiok parte hartzera gonbidatuta gaude, guraso, guraso ohi, aiton-amonak, ikasleak, ikasle-ohiak, irakasleak, irakasle-ohiak eta langileak", adierazi dute. Astelehenean egin zuten azken entsegua, ostegun honetan, 17:15ean diskoa grabatzekoak dira.

Ikastolaren mende erdia iruditan

50. urtemugako ekimenen artean, mende erdi honen errepasoa egiten lagunduko duen argazki erakusketa antolatu du Udarregi Ikastolak hurrengo asterako. Martxoaren 19tik 23ra izango duzue ikusgai Sutegin, 17:00-19:00 artean. Irekiera ekitaldia berriz, astelehenez, hilaren 19an, arratsaldeko 19:00etan, aipatu moduan, Sutegiko erakusketa aretoan.

Azoka solidarioa

Solidarioa izateak duen garrantzia ikasten aritu dira azken aldian, Udarregi Ikastolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak. Eta ikasitakoa inguruan, gizartean eragiteko baliatu dezaketela. Ikasitakoa praktikara eraman eta klase barruko lanketa plazara aterako dute, ostiralean, martxoaren 16an. EKI proiektuaren baitan lantzen ari diren unitatearen barruan, Pausoka Elkartearen aldeko azoka solidarioa antolatu dute frontoian. Pintxoak, pultserak edota ikasleen objektu kuttunak salgai izango dituzte. Bildutako laguntza behar bereziak dituzten haur eta gurasoen aipatu elkartera bideratuko dituzte.

Azoka solidarioa

Eguna: martxoak 16, ostirala.

Ordua: 17:00ak aurrera.

Zehaztasunak: 17:00-17:45 artean, LH6ko ikasleek landutako unitatearen aurkezpena gurasoei Sutegin. Segidan, azoka solidarioa frontoian. Sorpresa batzuk ere iragarri dituzte, baita zozketa bereziak ere.