Atez ateko bilketak 9 urte gaur, %85ekoa da gaikako bilketa Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 16a, 12:00

Usurbil hondakinak atez ate biltzen hasi zenetik 9 urte bete dira gaur, martxoaren 16an. Udalak bere aldizkariko azken zenbakian berri eman duenez, hondakinen ia %85 gaika biltzea lortu zen 2017an, hilabeteren batean %87raino ere heldu zen. 2016an %84a. Puntu bat egin du gorantz beraz, gaikako bilketak, bereziki organikoari esker. 2016an 735 tona organiko bildu zituzten, iaz 761 tona.

Aipatzekoa, ze erreus kopuru gutxi sortzen den udalerri honetan: usurbildar bakoitzak iaz 10 kg urte osoan. Erreus gehiena industriaguneetan sortu zen. Bada nobedaderik hondakin zati honi dagokionez. Udalaren esanetan, orain arte bildutako erreus guztia zabortegietara garraiatzen zuten. Aurrerantzean zati bat Eizmendiko inerteen zabortegira eramango dute.

Datu baikorren beste aldean, bada hobetzekorik; kalean hain zuzen. 2016an 101 tona bildu ziren kaleko lurzoruan, 2017an 111 tona.

Irudia: Usurbilgo Udala.