Pausoka Elkartearen aldeko azoka solidarioa gaur frontoian

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 16a, 09:27

Solidarioa izateak duen garrantzia ikasten aritu dira azken aldian EKI proiektuaren baitan, Udarregi Ikastolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak. Eta ikasitakoa inguruan, gizartean eragiteko baliatu dezaketela. Ikasitakoa praktikara eraman eta klase barruko lanketa plazara aterako dute, ostiralean, martxoaren 16an. Pausoka Elkartearen aldeko azoka solidarioa antolatu dute frontoian.

Zer berezitasun izango ditu azoka solidarioak?

LH 6-ko ikasleak: Dirua biltzen ari gara, Pausoka, behar bereziak dituzten haur eta gurasoen elkarteko kideei emateko. Martxoaren 16an izango da, arratsaldez, frontoian. Asmoa da lehenik, unitate honetan landu ditugun gaien inguruko aurkezpena egitea gurasoei. Gero, azoka frontoian.

Zer aurkituko dugu zuen azokan?

Pintxoak egin eta salduko ditugu, baita guk landutako pultserak ere. Bakoitzak bere objektu kuttun bat eramango du azokara. Paper batzuetan idatzia izango dugu, zergatik dugun gustuko objektu bakoitza eta zergatik eraman dugun azokara. Pausoka Elkarteko produktuen postua egongo da baita.

Zuen objektu kuttunak ere eskuragarri izango dira.

Salgai izango dira objektu kuttunak, pintxoak, Pausokako produktuak, pultserak… Honez gain, guk egin ditugun lan batzuk ikusgai egongo dira horman.

Klasean lantzen ari zareten unitate batetik sortu da azoka hau egiteko ideia. Zer ari zarete ikasten?

Beharrean diren umeak daude. Mundu osoan bizi itxaropen desberdinak daudela ikasi dugu. Batez ere Euskal Herriko eta Senegalgo errealitateak alderatu ditugu. Osasuna, hezkuntza eta bestelako zerbitzuak desberdinak dira hemen edo Senegalen. Hemen sendatu ditzakegun hainbat gaixotasun, Senegalen heriotza sor dezakete. Gobernuz Kanpoko Erakunde desberdinen lanketa egin dugu. Eneritz etorri zitzaigun. Malin izan zen eta hango bizimodua azaldu zigun. Guk ere lagundu nahi genuen. Euskal Herrian bertan ere denon bizi baldintzak ez dira berdinak eta guk ere besteengandik zerbait egin dezakegu. Gure ikastolako kide batzuk Pausoka Elkartera doazenez, bildutako laguntza elkarte honetara bideratzea erabaki dugu.

Zer esan usurbildarrei?

Beharrezkoa dela jendea animatzea gure azokara. Bildutako laguntza ez da guretzat, behar duten pertsona batzuentzat baizik.

Azoka solidarioa

Eguna: martxoak 16, ostirala.

Ordua: 17:00ak ingurutik aurrera.

Zehaztasunak: lehenbizi, LH6ko ikasleek eginiko lanketaren aurkezpena gurasoei Sutegin. Segidan, azoka solidarioa frontoian. Sorpresa batzuk ere iragarri dituzte, baita zozketa bereziak ere.

Ikastolaren mende erdia iruditan

50. urtemugako ekimenen artean, mende erdi honen errepasoa egiten lagunduko duen argazki erakusketa antolatu du Udarregi Ikastolak hurrengo asterako. Martxoaren 19tik 23ra izango duzue ikusgai Sutegin, 17:00-19:00 artean. Irekiera ekitaldia antolatu dute astelehenez, hilaren 19an, arratsaldeko 19:00etan, aipatu moduan, Sutegiko erakusketa aretoan.