Zaparra taldearen disko aurkezpena 22:30etan Aitzagan

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 16a, 10:41

Zaparra taldeak estreinako diskoa aurkeztuko du ostiral gau honetan (martxoak 16) gaueko 22:30etan Aitzagan eskainiko duen kontzertuan. Ondoren, diska eta kamiseten zozketa iragarri dute. Martxoaren 24rako Aginagako Eliza Zaharrean antolatu den kontzertu gaua girotzeko baliatuko da. Martxoaren 24an, 23:30etan hasita, Odolaren Mintzoa, NAO eta DJ Seymar Aginagan. Musika gau horretarako sarrerak 5 eurotan Aitzagan izango dituzue aurrez salgai. 

"Putzu sakonetik" izena du Zaparra taldekoen estreinako lanak. Segidan duzue, lan honen plazaratzearen harira, azaroa amaieran Zaparra taldekoek NOAUA!ri eskaini zioten elkarrizketa:

"Putzu sakonetik", Zaparraren estreinako lana

Sormen iturri agortezina dugu Harane futbol zelai ondoko musikarien gunea. Berriz ere handik, Haraneko labetik datorkigu albistea. Zaparra musika taldeak edo Jon Mikel Azpiazu, Mikel Romero, Jon Guadix eta Endika Larrañaga laukoteak lan berria argitaratu du, estreinako maketa, Irungo maketa txapelketara aurkeztu eta sarituak izan ostean. Ateak zabaltzear dituen Durangoko Azokan eskuragarri izango duzue, baita herrian bertan ere. Pozik dira, eginiko lanaren emaitzarekin. Talde izaera indartzeko ekarpen ezinbestekoa ikusten dute eskuartean lan propio bat izatea.

“Putzu sakonetik” irten dira laneko abestiak?

Zaparra: Gure ikuspuntua bezalakoa da. Gure kantak kritikoak izan daitezen saiatzen gara. Gure ikuspegia da gizartea putzu sakonean dagoela. Putzu sakonetik hasi genuen, aldatzen joateko, putzu horretatik ateratzen saiatzeko.

Lau abesti. Espresuki maketa honetarako sortutako abestiak izan dira?

Hasiera batean bertsioak jotzen genituen, gure kantak sortzeko garaia zela erabaki genuen arte. Sormen lan horretan jada kontzertuetan jotzen genituen pare bat kanta genituen. Pixkanaka beste hiru sortu genituen. Irungo Maketa Lehiaketara aurkeztu eta hirugarren postua lortu genuen. Egun maketa bat grabatzea oso garestia da. Lehiaketari esker, hiru kanta grabatzeko aukera izan genuen. Eta jada bi aurretik grabatuak genituen, laugarren bat maketan txertatzea erabaki genuen.

Nolakoa izan da ekoizpen prozesua?

Iñakik eta Txofok eman ziguten Irungo Maketa Lehiaketaren berri eta aurkezteko esan ziguten. Azken unean, aurkeztea erabaki genuen. Pare bat kanta grabatu genituen Haraneko gure lokaleko entseguan biekin. Eskerrak biei, izugarri lagundu digute, beraiek gabe hau oso desberdina izango zen. Lan handia hartu dute berez maketa zena editatu eta grabatzen. Gazte saria irabazi genuen, publikoaren bozkei esker. Finalerdian oso gustura aritu ginen. Gure estiloan jotzen genuen, lurrean, ez oholtza gainean. Horrek abantaila eman zigulakoan gaude. Gurekin jo zuten jendea ezagutu genuen, oso jatorrak denak.

Zuen lehen lana, kuttunena?

Zerbait egiteko gogoa bagenuen, ze bestela, kontzertu batean zurea den ezer ez duzu eskaintzeko, bertsio asko. Maketa batekin joanez gero, musika taldea beste modu batera ikusten da. Gaur egun talde bat ez da taldea, kaleratutako lan bat ez badu. Gure maketak adibidez abantaila handi bat ematen digu; edozein lekutara jotzera joan eta jada izatea maketa hau eskura, gero modu digitalean, sarean, jendeak gu ezagutzeko. Bertsio talde gisa hartzen zaituzte bestela.

Haraneko labetik atera da zuen estreinako lana. Faktoria horretatik beste bat gehiago. Badu bizitza Haranek.

Betea dago. Ordu piloa sartuak gaude Haranen eta bertan grabatzeak ere xarma pixka bat badu. Zuk entseatzen duzun tokian, zure giroan, gainera ezagunekin, sagardo pixka batekin lagunduta oso ondo atera zen.

Aurtengo uda partea ere mugitua izan duzue, iazkoaren pare?

Aurten askoz gehiago. Iaz beste baxujole batekin aritu ginen, aurten Endikarekin hasi gara eta oso gustura gabiltza. Kontzertu dezente gehiago lortu ditugu. Hiru kontzertudun asteburu bat ere izan genuen, oso ondo. Iaz gehiago jo genuen hemen inguruan; herriko eta auzoetako festetan. Aurten gehiago irten gara, Nafarroan Astitzen jo dugu urrutien.

Plaza gustukoena?

Asteburu gustukoena Legazpin, Antzuolan lo egin, zuzenean Irunera joan jotzeko, ajearekin jo genuen eta gero gau berean Zubietan aritu ginen, oso gustura.

Bira amaitu duzue?

Abeslaria, Ion Mikel atzerrian da ikasten. Hainbat lekuetan jotzeko deitu izan digute, baina Ion Mikel etorri arte gehiago ez jotzea erabaki genuen.

Udaberrian itzulera beraz. Lehenago, Durangoko Azokan.

Durangoko Azokan jarri behar dugu maketa salgai. Musika Zuzenean-en stand-ean aurten aukera eman digute talde txikioi, lan kaleratu berriak beraien stand-ean jartzeko prezio onargarri batean. Aurten han ibiliko gara. Gure maketa han izango da.

Halako azokak onuragarriak izango dira zuentzat?

Halako azoka edo ekimenetan talde handiek eramango dute etekin handiena. Gurea stand txiki batean egongo da, baina espero dugu fijatzen den jendeak ikusiko duen moduan, prezio onean, 3 eurotan jarri dugu. Behintzat jendeak ikus dezala bertan gaudela.

Nola ikusten duzue taldeak iaztik hona egin duen bidea?

Talde bezala garapen bat egon da. Gure kantak atera ditugu, maketa oraintxe aterata, talde ona egin dugu. Askorekin hitz egin dugu eta ez dute talde harreman hori. Guk adibidez kontzertu bat jotzen dugu eta gero laurok geratzen gara parrandan. Koadrilako jendearekin sortutako taldea da eta horrek asko egiten du, oholtza gainean nabari da. Esan izan digute gure kontzertua ikusi izan dutenek, gustuko dutela taldea ondo pasatzen ikusten gaituztelako. Konfiantza asko dago.