Elurrak inguruok zuritu ditzake berriz gaurtik, 200 metrora edo beherago

Noaua Aldizkaria 2018ko martxoaren 19a

Ofizialki udaberrian sartzeko egun bakarra falta denean, elurra gertu ikusi dezakegu berriz hurrengo orduotan. Gauerdiaz geroztik indarrean jarria du abisu horia Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak. 700-800 metro artean zuritu dezake goiz partean, arratsaldean 300-500 metro artean. 18:00etan hain zuzen, alerta laranja aktibatuko dute. 

"Gauean elur-kota 200-300 m inguruan kokatuko da. Baliteke elur-kota noizbehinka ekaitz-eremuetan beherago kokatzea. Gauean zaparrada txiki-ertainak botako ditu, ugariagoak izango dira eta sarriago botako ditu kantauri isurialdean. Ekaitzak jo eta txingorra bota dezake. Aurreikusitako lodierak: 5-15 cm 1000 m-ra, 5-10 cm 600 m-ra, 0-5 cm 200 m-ra", horratx Euskalmet meteorologia agentziaren iragarpena.

Astearte eguerdiko 12:00ak arte indarrean segiko du alerta laranjak. Gero abisu horira itzultzeko, asteazken eguerdiko 12:00ak arte. "Elur-kota 200-300 m-ren bueltan kokatuko da, baliteke egunaren erdiko orduetan zertxobait gorago egotea. Arratsaldean eta gauean zaparrada txikiak botako ditu. Ekaitzak jo eta txingorra bota dezake. Aurreikusitako lodierak: 5-10 cm 1000 m-ra, 0-5 cm 600 m-ra, 0-1 cm 200 m-ra". Hori asteartean. Asteazkenean, "elur-kota 200-400 m inguruan egongo da, eguerdian 400-600 m-ra igoko da. Prezipitazio txikia egingo du han-hemenka, batez ere kantauri isurialdean. Aurreikusitako lodierak: 0-10 cm 1000 m-ra, 0-5 cm 600 m-ra, 0-1 cm 200 m-ra".

AstelehenaAstearteaAsteazkenaOstegunaOstiralaLarunbata

EGUNOTARAKO IRAGARPENA

Martxoak 19, astelehena

"Gaur, egunak aurrera egin ahala, elur-mailak behera egingo du, arratsalde-gau partean 200 m ingurura jaitsi arte. Goizean fronte bat igaroko da eta 700-800 m-tik gora prezipitazioa elur moduan egingo du. Frontearen atzetik aire hotza iritsiko da eta horrekin batera zaparradak sartuko dira. Elur-maila 300-500 m-ra jaitsiko da arratsaldean eta 200 m ingurura gauean. Trumoi-ekaitzak ere izan daitezke tarteka, eta baliteke kazkabarra ere botatzea; ez da baztertzen ekaitz eremuetan puntualki elur-kota zertxobait gehiago jaistea. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea oso zakar ibiliko da zenbait momentutan".

Martxoak 20, asteartea

"Asteartean giro hotzarekin eta elur-maila baxuarekin jarraituko dugu. Elurra 200 m inguruan ikusiko dugu, baina ekaitz guneetan beherago ere zuritu dezake. Zaparrada gehien kantauri isurialdean eta mendebaldean espero dira; Nafarroa hegoaldean berriz, prezipitazioak urriagoak izango dira. Ipar-haize zakarra ibiliko da eta tenperatura maximoak 4-6 ºC artean geratuko dira".

Martxoak 21, asteazkena

"Asteazkenean prezipitazio gutxiago espero dugu baina hotzak jarraipena izango du. Zaparradak ahulagoak izango dira eta egunaren lehen partean botako ditu gehienbat; orduan elur-maila 100-300 m inguruan egongo da. Arratsalde eta gauean prezipitazioa urriagoa eta sakabanatuagoa izango da, eta 300-400 m-tik gora zurituko du. Ipar-haizea nagusituko da eta tenperaturan ez da aldaketa handirik izango".

Informazio eguneratua: euskalmet.eus