Ikastolaren 50 urteak iruditan bilduko dituen argazki erakusketaren irekiera 19:00etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 19a, 10:03

Ikastola betetzear den 50 urteei begira ekimen bereziak antolatzen dabiltza hilero. Martxoari dagokionez, astelehen honetan, mende erdi honen errepasoa egiten lagunduko duen argazki erakusketa irekiko du Udarregi Ikastolak. Aste osoan, martxoaren 19tik 23ra izango duzue ikusgai Sutegin, 17:00-19:00 artean. Irekiera ekitaldia berriz, aipatu moduan, gaur (martxoak 19) arratsaldeko 19:00etan, aipatu moduan, Sutegiko erakusketa aretoan.

Bertso-bazkaria

Argazki erakusketa honekin batera, 50. urtemuga honi doinua jarriko dion diskoa grabatu du Udarregi Ikastolak. "12 kantez/doinuz eta bertso batekin" osatutakoa hain zuzen. Aurrerago aurkeztuko dute. Bada aurretik bestelako hitzordurik ere. Bertso-bazkaria antolatu dute apirilaren 14rako, 14:30etan ikastolako jangelan, Bota Punttuba bertso eskolarekin elkarlanean.

Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio gonbidatu dituzte hitzordura. Sarrerak aurrez eskuratu beharko dira. Hurrengo egunetan jarriko dituzte salgai apirilaren 12ra arte, Bordatxo eta Aitzaga tabernetan, baita Udarregi Ikastolako idazkaritzan ere. Zabaleta anaiek prestatu duten menua dastatu eta bertso saio ederraz gozatzeko txartelak 20 eurotan erosi ahalko dira, 15 euroren truke haur, ikasle eta langabetuek. Ikastolak eta Bota Punttubak antolaturiko hitzorduan laguntzaile dituzte baita Aratz erretegia, Labe Goxo, Mitarte bodega eta Usurbilgo Udala.