Ponentzia aurkezpena, mahai-inguru, hitzaldi edota giza-kateak tartekatuko dituen hondakinen kudeaketaren eta errausketaren inguruko jardunaldi eta mobilizazio eguna antolatu dute astearte honetarako, martxoaren 20rako, Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta sindikatu anitzek. Gogoan izan, Gipuzkoako erakunde eta lantegietako ia 100 langileen batzordeek bat egin dute erraustegiaren aurkako deialdi honekin.
Martxoaren 9an aurkeztu zituzten antolatzaileek, "Langileok ere erraustegia gelditu! Badago alternatiba!" aldarripean martxoaren 20rako ekimenak. Egun horretan, "langileok hitza hartu eta erabakia aldarrikatuko dugu".
Mobilizatzeko tartea ere egongo den egun horretarako josi duten egitaraua aurkeztu zuten Donostian. Lan osasuna, enplegua eta ingurumena, krisi ekologikoa eta gai gehiago hartuko dituzte ahotan, sindikatuetako ordezkarien edota Piotr Barczak, Europako ingurumen bulegoko hondakinen arduradun teknikoaren eskutik.
"Jardunaldi hauen bidez, modu berezian, langileon bizi eta lan baldintzak erdigunean kokatuko ditugu, langileok ere dinamika honetan eragile zein subjektu aktibo izan behar dugulako, hitza eta erabakia gureak ere badirelako", adierazi zuten.
"Aldaketa soziala eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen ditugu"
Gutxi batzuen negozioak gipuzkoarron osasun zein ingurumena gainetik jartzen ari direla eta "herritarron beharrei erantzuteko beharrezko baliabideak erraustegira (des)bideratzen ari direla" urteak daramatzatela salatzen nabarmendu zuten. Errausketa baino irtenbide osasuntsuago, merkeago eta ekologikoak badirela gogorarazi zuten beste behin, "lanpostu gehiago sortzen dutenak, azken batean ekonomia zirkularraren pausuak jarraituz guztiok jasoko genituzkeela onurak".
Hondakinen kudeaketa iraunkorra da alternatiba jardunaldion antolatzaileentzat, birziklapena, berrerabilera eta hondakinen murrizketa giltzarriak. "Ingurumena eta pertsonak erdigunean jarriko dituen jendarte eredu berria eraikitzeko, aldaketa soziala eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen ditugu".
Errausketaren inguruko jardunaldia
Martxoak 20, asteartea
Euskal Herriko Unibertsitatearen Ibaetako Kanpuseko Ignacio Maria Barriola zentroko auditorioan:
09:30-10:30 Piotr Barczak, Europako ingurumen bulegoko hondakinen arduradun teknikoaren ponentzia: "Zibilizazio krisi ekologikoa eta hondakinen arazoa".
10:30-12:00 Sindikatuen mahai ingurua hiru blokeetan:
-Lan osasuna eta langileon bizi baldintzak: errauskailuak langileon lan osasunean dituen ondorioak eta horrek gure bizi baldintzatan duen eragina.
-Enplegua eta ingurumena: proiektuok zer nolako enplegua sortzen duten aztertu eta ingurumena errespetatzeko eman beharreko urratsak mahai gaineratu (enplegua vs ingurumena gaindituz). Zaborren kudeaketarako proposamenak.
Donostiako Bulebarretik Foru Aldundira:
12:30 Giza-katea, ekitaldia eta adierazpenak hedabideei.
Donostiako San Telmon:
18:00 “Angula ustelak” hitzaldia. Hizlariak: Ainhoa Intxaurrandieta, Igor Melchor, Piotr Barczak. Erraustegiaren inguruko negozio eta maniobra zikin ugariren inguruan azalpenak emango dituzte.
Donostiako San Telmotik Foru Aldundi aurrera:
19:30 Giza katea.
Antolatzaileak: Errausketaren Aurkako Mugimendua, EAM, ELA, LAB, CCOO, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU, COBAS, BIOLUR, Baserri XXI, OlatuKoop, Donostia Bizirik.