Gezurra dirudien arren, astearte arratsalde honetan, 17:15ean murgilduko gara ofizialki udaberrian. Urtaro berriari halere, negu giroan emango diogu ongi etorria. Inguruotan oraingoan zuritu ez badu ere, alerta laranja aktibatua egongo da gaur eguerdiko 12:00ak arte. "Elur-kota 100-300 m inguruan kokatuko da. Eguerdi partean 400-600 m-ra igoko da. Egunaren lehenengo partean zaparrada txiki-ertainak botako ditu. Ekaitzak jo eta txingorra bota dezake".
Hurrengo 24 orduetan, asteazken eguerdiko 12:00ak arte abisu horia izango da indarrean, elurragatik baita. "Zaparrada txikiak botako ditu, arratsaldean noizbehinka ertainak. Ekaitzak jo eta txingorra bota dezake". Egunaren amaieran eta bihar goizean 200-400 metro artean zuritu dezake, bihar eguerdian 400-600 metro artean. "Prezipitazio txikia egingo du han-hemenka, batez ere kantauri isurialdean".
Ordu aldaketa
Aipatu moduan, astearte honetan ofizialki udaberrian sartuko gara, 17:15ean. Urtaro berria estreinatu eta egun gutxira berriz, ordu aldaketa dator. Martxoaren 24tik 25erako, hau da, larunbatetik iganderako goizaldeko 02:00etan 03:00ak izango dira. Urrun dugun udako ordutegira egokitu beharko ditugu beraz erlojuak.
Asteartea | Asteazkena | Osteguna | Ostirala | Larunbata | Igandea |
---|---|---|---|---|---|
EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Martxoak 20, asteartea
"Gaur negu-beteko giroarekin emango diogu hasiera udaberriari. Zaparradak botako ditu, ugariagoak ipar partean, eta batez ere egunaren lehen partean; elur-maila, orduan, 100-300 m artean egongo da, ekaitz-guneetan zertxobait beherago zuritu dezakeelarik. Horrez gain, iparraldeko haizea ederki sumatuko da zenbait unetan eta hotz sentsazioa areagotuko du. Tenperatura maximoak 4-7 ºC artean geratuko dira".
Martxoak 21, asteazkena
"Asteazkenean hotzak jarraipena izango du, baina bizkor atertuko du. Goizaldean eta goizeko lehen orduetan, ahulagoak izango badira ere, prezipitazioak nahikoa orokorrak izango dira. Goizak aurrera egin ahala, berriz, gero eta sakabanatuagoak eta noizbehinkakoak izango dira, eta arratsaldean atertzera egingo du. Elur-kotak 100-300 m artean egoten jarraituko du goizaldean eta goizean goiz. Ipar-haizea nagusituko da eta tenperatura maximoak pare bat gradu igoko dira".
Martxoak 22, osteguna
"Ostegunean hodeiak eta ostarteak, eta tenperaturaren igoera. Egunaren lehen partean behe-hodei ugari izango dugu, baina pixkanaka ostarteak gailentzen joango dira eta eguerdi parterako giro eguzkitsua izango dugu txoko guztietan. Hodeitza saretuta egongo denez, egunsentian barnealdean izotza botako du. Eguerdi partean, ordea, pixka bat goxatuko du eta maximoak 3 eta 5 ºC inguru igoko dira".
Informazio eguneratua: euskalmet.eus