Udarregi Ikastolaren 50. urtemugako argazki bilduma ikusteko azken egunak

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 22a, 10:18

Orain noiznahi eta nahi adina argazki ateratzen ditugun garai honetan, askoz errazagoa zaigu une bat erretratatu eta argazki hori zabaltzea. Garai batean ordea, lan askoz neketsuagoa zen. Kamera zaharrekin ezin nahi adina argazki atera, errebelatu egin behar… Lehen ez zen orain adina argazkilaririk. Eta argazki gutxiago egiten ziren noski. Nabarmentzekoa da horregatik, 50 urte betetzear dituen Udarregi Ikastolak aste hasieran Sutegin zabaldu zuen erakusketarako aurrez egin duen lanketa itzela. 60. hamarkada amaieratik hasi eta 2000. urte ingurura arteko argazkiak bilduma osatu eta ikusgai jarri dute kultur etxeko aretoan. Ostiralera arte, martxoaren 23ra arte bisitatu ahalko duzue erakusketa, arratsaldez, 17:00-19:00 artean.

Ikastolan hazi eta hezitako guztiek oroitzapen eder askoak biziberritzeko aukera izango dute. Ikasle eta hezitzaileak ageri dira bilduma honetan. Ikasturte bukaerako bidaietako argazkiak, inauterietakoak, ikasgela barrukoak… Ezusteko eder askorekin topo egingo duzue, ikastolak Sutegiko erakustaretoan jarritako paneletan eta telebista pantaila bidez. Erakusketa, irakasle talde batek atondu du. Lan ederra egin dute argazkiak bildu, hautatu eta txukun asko bilduma honetarako atontzen.

Bertso-bazkaria

Argazki erakusketa honekin batera, 50. urtemuga honi doinua jarriko dion diskoa grabatu du Udarregi Ikastolak. "12 kantez/doinuz eta bertso batekin" osatutakoa hain zuzen. Aurrerago aurkeztuko dute. Bada aurretik bestelako hitzordurik ere. Bertso-bazkaria antolatu dute apirilaren 14rako, 14:30etan ikastolako jangelan, Bota Punttuba bertso eskolarekin elkarlanean.

Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio gonbidatu dituzte hitzordura. Sarrerak aurrez eskuratu beharko dira. Hurrengo egunetan jarriko dituzte salgai apirilaren 12ra arte, Bordatxo eta Aitzaga tabernetan, baita Udarregi Ikastolako idazkaritzan ere. Zabaleta anaiek prestatu duten menua dastatu eta bertso saio ederraz gozatzeko txartelak 20 eurotan erosi ahalko dira, 15 euroren truke haur, ikasle eta langabetuek. Ikastolak eta Bota Punttubak antolaturiko hitzorduan laguntzaile dituzte baita Aratz erretegia, Labe Goxo, Mitarte bodega eta Usurbilgo Udala.