Ernai eta Aitzina gazte antolakundeak bosgarrenez udaberri parterako ekimena prestatzen dabiltza; aurten, “Sorginkerian dugu independentzia” aldarripean Gazte Akelarrea deitu dute Oiartzunen, martxoaren 30etik apirilaren 1era. “Herriz herri eta auzoz auzo Euskal Herriko txoko guztietako borroken topagune bilakatuko dugu hiru egunez Oiartzun. Eguneroko su txikiz pizten dugu independentziarako bidea, sorginkeriaz, errebeldiaz eta konpromisoarekin. Hor baitago garaipenerako gakoa”.
Gazte Akelarrerako girotzen hasteko bi hitzordu deitu ditu Usurbilgo Ernaik. Trikipoteoa larunbatean 18:30etan Aitzagatik eta hamaiketakoa hilaren 28rako, Gazte Akelarrerantz joango den Gipuzkoako martxarekin bat egin aurretik.
Bestalde, Gaxte Akelarrerako sarrerak dagoeneko salgai jarri dituzte. Usurbilen Aitzagan eskuratu ahalko dira:
-Martxoaren 30eko sarrerak 12 eurotan.
-Martxoaren 31rako sarrerak 18 eurotan.
-Bi egunetarako bonoa, 30 eurotan.
Sarreron truke, akanpalekua, furgonetentzako aparkalekua, dutxa zerbitzua edota gauetako eskaintzaz gozatu ahalko da. Usurbilen Aitzagan izango dituzte salgai Gazte Akelarrerako sarrerak.
Martxa
Oiartzunen ospatuko den Gazte Akelarrerako martxa antolatu dute hilaren 29rako. Arratsaldeko 15:00etan abiatuko dira Donostiako Easo plazatik Oreretara. Oreretan harrera egingo da, bisita herrian eta atsedena Gaztetxean egingo dute. Biharamunean abiatuko dira Oiartzunera. Ernai Usurbilek berri eman duenez, izen emateko zerrendak Aitzagan dituzue. “Gogoa besterik ez da behar, muxutruk izango da eta!”.
Informazio gehiago: gazteakelarrea.info