Musika gaua, ordu aldaketa tarteko, ordubete gutxiago izango duen larunbat gauean, martxoaren 24an, Aginagako Eliza Zaharrean. 23:30etan hasita, Odolaren Mintzoa, NAO talde galiziarra eta DJ Seymar. Kontzertu gauerako sarrerak aurrez eskuratu ahalko dituzue 5 eurotan Aitzagan.
Odolaren Mintzoarentzat itzulerako kontzertua izango da honakoa. NAO-rekin batera Galizan jo baitzuten hilabete hasieran. Han bizitakoa kronika batean bildu eta NOAUA!ra helarazi du taldeko kide Luken Arkarazok. Segidan duzue osorik:
2008an ezagutu genuen elkar NAOko lagunek eta nik, maketa (bai, ongi irakurri duzu) kaleratu genuen garaian. Herri zapalduetako kide garenon artean bada konplizitate mutu bat, ukazioaren eta aldarrikapenen gudu zelaian orpoz orpo bizitzera ohituta gaudelako agian, auskalo. Ondoren, urte luzez elkarren berririk eduki gabe egon eta gero, 2015. urtean aitak Garate Studioetara itzuliko zirela esan zidan. Hots, grabaketa epea probestuz, Aitzaga tabernan kontzertu bat antolatu genien, eta emanaldiaren osteko algara eta dantza saiakeren artean sortu zen hartuemanaren ideia: Odolaren Mintzoa eta NAO, bi nazio, bi data, bi kontzertu, bat Euskal Herrian eta bestea Galizian. Helburua zehatza zen, bi taldeon eta kide garen herrion arteko lokarriak estutu eta elkar elikatzea. Ho- rretarako “Hamaika Herri Borroka Bakarra” lema hautatu genuen, proiektu erakargarria izendatzeko.
Lehen aldiz, atzerrirantz
Lehen data martxoaren 3an, Compostelan, eta bigarrena datorren martxoaren 24n, Agiñako Eliza Zarran. Jada astebete igaro da Galiziako abenturatik eta hura burutik ezin uxatu nabil. Bederatzi urteko ibilbide luzeaz geroztik, lehen aldiz alokatutako furgoneta batean, kilometroz kilometro, gure jaioterritik urrundu eta zuzeneko musikariaren benetako izatea ezagutzera abiatu ginen.
Zortzi orduko bidaia
Bezperan, martxoak 2, eguerdian abiatzea genuen helburu lau taldekideok eta Pakok, azken orduko urrezko txaketak. Eguraldi txarra zela medio, 7-8 orduko bidaia egin beharko genuela kalkulatzen baikenuen. Baina, musikarion, eta batez ere Odolaren Mintzoatarron ohitura txarrari jarraikiz, arratsaldeko 16:00etan abiatu ginen. Jokin Irastorza, gure bateristak, gure abestietan duen gidari rola furgonetara bihurtu eta txofer sendo izan genuen. Berarekin betiko lez Txueka anaiak, ni neu, eta gure sasi-manager, segurtasun arduradun, begirale eta umorista, Pako Agudo handia, algarak sortzeko produkzio makina nekaezina. Bere laguntzarekin, La Estradara (Jasper, Naoko abeslariaren jaioterria) Compostela kanpoaldeko herrixkara burutu genuen zortzi orduko bidaia, eramangarriagoa izan zen.
Jasper, gure anfitrioia
Gaueko hamabietan heldu ginen bertako 20 Berzas taberna argitsu eta animatura. Bertan zain genuen Jasper, gure anfitrioia. 38 urte bete berritan, hezur eta azal den galiziar tipikoa da, hitz jario geldiezin eta erakargarria duena. Une horretan, 21:00etatik esperoan, ronez ureztatua zuen mingaina eta besarkadak abiada bizian erabili zituen guri ongi etorri paregabe bat emateko. Artista hutsa da Jasper, kantugile, kitarrajole eta abeslaria, Bloke Galegoko militante eta Lehen Hezkuntzako irakaslea. Baina guztiaren gainetik, hartu-emanetarako maisua. Ostatura sartu berritan, bazirudien orduak gindoazela bertan. Tipo ezaguna da gure anfitrioia, eta herriko alproja guztiak lagun ditu.
Sendoa da galiziar abertzaleek Euskal Herriarekin duten lotura, askok eta askok baitute arbaso, familiarteko edo- ta lagunen bat hemen. Hots, ordaindu ezinezko begirune eta gertutasun batekin hartu gintuzten. Gau osoan zehar, garagardo eta irri artean hunkituta entzun genituen “Jo ta ke, irabazi arte”, “Ikusi mendizaleak” edota “Iñigo Cabacas, gogoan zaitugu” bezalako aldarri eta kantuak. Hurrengo eguneko kontzertuaren kezka ziztu bizian disolbatu zen kafe likorez beteriko txupito artean, gau ero eta berezi baten protagonistak izango ginela konturatzen hasi ginen bitartean.
Kontzertu eguna
Biharamuneko esnatzea ez zen samurra izan, kontzertu eguna zen. Jasperren gurasoen baserrian esnatu ginen, nahi baina buruko min handiagoarekin. Jasper bera goizeko hamaiketan bere bi alabak jasotzera joan zen eta bueltan bazkaria zekarren, paella eder bat, nekeari eta garuna kolpatzen zion orkestra basatiari aurre eginez. Gaur gauean NAO kartel buru dira eta bera da frontman-a, ia bi ordu pasa beharko du abesten, kitarra jotzen eta bere jarioarekin kontzertuari kanta eta kanta artean behar duen gatza eta piperra ipintzen. Gu, Odolaren Mintzoa, gauari hasiera emateko ardura dugu, gaueko 22:30ean, eta bi taldeon artean, Son da Rua izeneko hip hop taldea arituko da, hauek ere, NAOren antzera, galiziar hutsez abesten dutelarik.
Compostelako Campusean
Bazkaria giro bikainean igaro genuen, bezperako gertaeren sasi oroitzapen inguruan arituz. NAOko beste gitarjolea ezagutu genuen, Gus, tipo atsegina, hau ere jario onekoa, ogibidez medikua. Arratsaldeko lehen orduekin batera abiatu ginen Compostelako Campusera, bertan baitago Malatesta Aretoa, 400 pertsonentzako aforoa duen kontzertu gune ilun eta erakargarria. Areto luze eta estua da Malatesta, oholtza altua (metro eta erdi) duena, itxura zinez dotorekoa. Lehenbizikoak izango garenez eszenatokira igotzen, azkenak frogatuko genuen. Ondorioz, backstage-ean igaro genuen arratsaldea, beste taldeetako kideak ezagutzen, aretoko arduradunek pikatzeko eskaintzen ziguten guztia irensten genuen bitartean. Hor egin genuen topo Son da Rúako (Kalekoak gara gaizieraz”) hirukote gaztearekin, itxura lotsatia zuten, hasiberriak omen ziren, baina ondoren kontzertuan garbi utziko ziguten, zergatik ari ziren Galiziako gune alternatiboetan zeresana ematen.
Publiko beroa, galiziarra
Oharkabean iritsi ziren gaueko hamarrak. Urteak ez nintzela hain nerbioso sentitzen, izerdia hatzetan eta eztarria sikaturik. Ez genuen espektatiba handirik, goiz jotzen genuen eta NAO, gaueko plater nagusiak, hirugarren. Hirurehun pertsona inguru espero zituzten, baina nik gu hasterako ez nituen 50 baino gehiago espero. Kontzertu aurreko unea berezia da, taldekideen artekoa, hitz gutxi eta begirada, besarkada zein sentimendu sakonekoak. Jokin baterian eseri eta soinu teknikariari keinua egin ostean, hasi zen Dragoi Bolako atal bakoitzari hasiera ematen dion doinu ezaguna, presorik utziko ez duen matxinada hastera doala adierazten duen hura. 45 minutuko emanaldia, zirrara eta izerdia. Publiko beroa da galiziarra, xaxatu orduko gerturatu ziren aretoan ziren 100 pertsonak aurreko lerroetara, eta bat egin zuten gure mezuarekin. Emanaldi zuzena eta deskantsu bakoa eskaini genuen, eta ez ziguten bakarrik utzi. Pentsa Zubietako Erraustegiari “Ez hemen, ez inon” abesten bukatu zutela.
Kaotikoa, kontzertu amaiera
Ostean, Son da Ruak aretoa hip hop eta rap doinuz altxa ondoren, NAOko lagunen txanda iritsi zen. Haiena ez da rock kontzertu soil bat, Estatuan askok askotan bigarren maila batean uzten duten nazio duin baten aldarrikapen festa bilakatzen da euren emanaldia. Gu ohorezko testigu izan ginen, bai kontzertuan eta baita ondorengo une ederretan ere. Kaotikoa izan zen kontzertua, talde guztietako kideok oholtza gainean amaitu genuelarik. Eta are kaotikoagoa ondorengo parranda, baina istorio hori beste baterako utziko dugu.
Hurrengo egunean, lagun galiziarraz agurtu eta ajeari buelta emateko likidoz kargatuta ekin genion itzulerari, goizean goiz amets eder batetik esnatu berritan eduki ohi den antzeko sentipenarekin. Eta galdera zehatz bat airean bueltaka, gai izango al gara haiek guri eskainitakoa guk Usurbilen bueltatzeko? Pakok argi zuen, “martxoaren 24an Eliza Zarrai sua emango ziou”.
Luken Arkarazo