Hilabete amaierako oporraldi eta jai egunak tarteko, Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik berri eman dutenez, astebete aurreratu dute martxoko euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea; ostiral honetara hain zuzen, hilaren 23ra. Mobilizazio honekin batera, harpidetza afaria antolatu dute Aitzagan.
“Dispertsio politikaren ondorioz, euskal presoek informazio eskubidea ere urratua dute eta ezin dute Euskal Herriko informazioa nahiko luketen bezala jaso. Horregatik, euskal prentsa helarazteko helburuarekin ekimen solidario hau antolatzen dugu urtero, era honetan harpidetzak ziurtatzeko. Herritarrei dei egiten diegu bertan parte hartzera, elkartasuna adieraztearekin batera mahai inguruan une goxo bat elkarrekin igarotzeko parada izango baitugu. Kopuru mugatua denez, txartelak lehenbailehen eskuratzea gomendatzen dugu”, ohartarazi du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak.
Martxoak 23, ostirala
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
21:00 Harpidetza afaria Aitzaga Elkartean.
Menua: entsalada epela zizekin, masailak saltsan, flan tarta, edariak eta kafea.
Prezioa: 20 euro, langabeek 14 euro.
Txartelak aurrez salgai Aitzagan.
Antolatzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.