Erraustegia geratzeko salaketa ekintza gaur, Andoaingo Bazkardoko zubian

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 23a, 10:20

Erraustegia geratzeko gizartea mugiaraztea dela berme bakarra nabarmendu zuten Errausketaren Aurkako Mugimenduko ordezkariek, asteartean Donostian antolatu zuten jardunaldi eta mobilizazio egunaren amaieran eginiko giza-katean. Horregatik, Errausketaren Aurkako Mugimenduak datozen mobilizazio eta ekimenetan parte hartzeko deia luzatu du. Hurrengo hitzordua, ostiral honetan, martxoak 23, 18:30etan; "Ostiralean N-1 gainetik pasatzen den Andoaingo zubian biltzeko deia erraustegiaren aurkako salaketa ekimena egiteko! Zatoz! Sala dezagun erokeria herriz herri, auzoz auzo! Hau gelditu beharra dago!", adierazi dute mobilizazio honetako deitzaileek sare sozialen bidez.

Alternatiba badela gogorarazteko giza-katea

Erraustegiaren aurkako eta osasunaren aldeko giza-kate batekin amaitu zuten astearte iluntzean Donostian, Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta lan munduko eragile anitzek deituta egin zuten jardunaldi eguna. Hondakinak erraustearen aurrean alternatiba badela gogorarazi zuen mobilizazioa San Telmo Museo ataritik abiatu, Alde Zaharra zeharkatu eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza atarian amaitu zen elkarretaratze batekin. 

Ibilbidean zehar, etenik gabekoak izan ziren errausketaren aurkako eta osasunaren aldeko oihu eta txistu hotsak. Giza-kate honek martxoaren 20an Gipuzkoako hiriburuan ospaturiko jardunaldi eta mobilizazio eguna borobildu zuen. Amaieran, balantze positiboa egin zuten egunaz, Errausketaren Aurkako Mugimenduko ordezkariek. Sindikatuetako 400 bat ordezkari biltzea lortu zuten, goizean zehar Euskal Herriko Unibertsitateak Ibaetan duen kanpusean eginiko jardunaldietan. Lan osasuna eta langileen bizi baldintzak, enplegua eta ingurumena izan zituzten hizpide. Gero eguerdian, iluntzean herritarrek egin bezala, Bulebarretik Diputazio atarira egin zuten giza-kate batekin borobildu zuten goiza.

Arratsaldean, martxoaren 7an Usurbilgo Sutegin izan genuen hitzaldia programatu zuten San Telmo Museoan; "Angula ustelak" saioa, Ainhoa Intxaurrandieta eta Igor Meltxorrekin. Eta aipatu moduan, handik abiatu zen gero, Foru Aldundian amaitu zen giza-katea.

DATOZEN DEIALDIAK

Martxoak 23, ostirala

18:30-19:00 "Erraustegia gelditu!" aldarripean, salaketa ekintza N-1 errepidea zeharkatzen duen Andoain sarrerako Bazkardoko zubian.

Apirilak 7, larunbata

Erraustegia geratzeagatik, apirilaren 12an Ladrillen epaituko dituzten GHK-ko lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandietari eta ingurumen foru diputatu ohi Iñaki Errazkini babesa adierazteko manifestazioa Azpeitian.

Apirilak 12, osteguna

GHK-ko lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandietari eta ingurumen foru diputatu ohi Iñaki Errazkin epaituko dituzte Madrilen. Biei elkartasuna eta babesa adierazteko Madrilera joateko autobus zerbitzua antolatu dute. Autobusean izen emateko deitu telefono zenbaki honetara: 680 352 018 (Lontxo). 

https://twitter.com/ErrausAurkMugi/status/976425057605111808