Opor giroaren eragin nabarmena, ohi baino kirol hitzordu gutxiago asteburuan

Noaua Aldizkaria 2018ko mar. 23a, 08:20

Eskubaloi neurketa bakarra iragarri da astebururako. Usurbil F.T.-ri dagokionez, apirilaren 3tik 7ra antolatu dituzten kirol txokoetan izena eman duten haurren guraso bilera deitu dute larunbaterako. Gogoan izan bestalde, Andatza M.K.T.-k apirilaren 8rako antolatu duen Gipuzkoako Biraren laugarren etaparako izen ematea zabaldu duela. Segidan dituzue xehetasunak:

Irudia: Usurbil Kirol Elkartea.

Eskubaloia Kiroldegian

Martxoak 24, larunbata

11:00 Infantil mutilak, Gipuzkoa: Udarregi A-Elgoibar

Usurbil F.T.-ren kirol txokoak antolatzeko guraso bilera

Udaberriko oporrak kirola eginez bizitzeko aukera eskainiko du aurten ere Usurbil F.T.-k Usurbilgo Udalaren eta Udarregi Ikastolaren laguntzarekin, apirilaren 3tik 7ra (asteartetik larunbatera); ate joka dugun oporraldian honenbestez. “Aste Santuan kirolak eta jolasez gozatzen jarraitzeko aukera paregabea” izango dute antolatzaileen esanetan, Lehen Hezkuntzako ikasleek, hau da, 6-12 urte arteko haur eta gaztetxoek. Kirol txokoak goizez izango dira, 10:00-13:00 artean. Izena ematen duten gaztetxoen gurasoekin bilera egingo du Usurbil F.T.-k martxoaren 24an 12:00etan Potxoenean. Informazio gehiago jaso edo zalantzak argitzeko futbol taldeak Haranen duen bulegora joan besterik ez duzue edo idatzi bestela, futusurbil@yahoo.es helbidera.

Kirolaren onuretan hezten

Kirola aitzakia gisa hartuta, herriko haurren heziketan partaide aktibo izatea du helburu nagusietakoa ekimen honek. Antolatzen ari dena Usurbil F.T. izan arren, “kirolaren onurak goraipatzen ditugu orokorrean. Horregatik, ekintza honetako eskaintza anitza eta zabala izango da”. Jolasa izango dute ardatz. “Adin hauetan, kirol eta jolas ezberdinak egitea aberasgarria da eta lehiaketak alde batera utzita, haurrek jolasean gustura pasa dezaten nahi dugu. Horretarako, hona hemen praktikatuko ditugun ekintzetako batzuk: eskubaloia, jolas tradizionalak, futbola, eskupilota, herri kirolak, saskibaloia…”.

Kirol jardura eta jolasetarako bereziki Harane futbol zelaia baliatuko badute ere, “hainbat tokitan ibiliko gara: Kiroldegian, frontoian, herrian zehar”.

Gipuzkoako Biraren laugarren etaparako izen ematea zabalik

Urte hasieratik Gipuzkoari bira ematen ari dira Andatza M.K.T.-ko kideak. Laugarren etapa, 23 kilometrokoa, apirilaren 8rako iragarri dute. Eibarretik abiatu eta Udala (Arrasate) arteko bidea osatuko dute. Goizeko 07:00etan abiatuko dira Oiardo Kiroldegitik autobusez. Izena apirilaren 4a baino lehen eman eta 30 euroko ordainketa egin beharko da, kontu zenbakiotako batean:

Rural Kutxa: 3008 0259 1630 0543 0321

Kutxabank: 2095 5069 0710 6848 9805

Oharrak:

-Plaza kopuru mugatua.

-Bazkaria, Arrasateko Larrinetxe jatetxean egingo da.

-Andatza M.K.K.-k antolaturiko irteeretan parte hartzeko ezinbestekoa da mendiko federatua izan eta aseguru txartela indarrean edukitzea. “Federatu gabe dagoenari tramitea egingo diogu, hala nahi badu”.

Argibide gehiagorako: andatza@hotmail.com / andatzamendizale.info

Irudia: Andatza M.K.T.