Hilobi lote berri baten, hamargarrenaren gaineko eskubideak esleitzeko prozedura abiatu zuen Usurbilgo Udalak otsailaren 27ko osoko ohiko bilkuran. Zehazkiago esanda, honako hauena: hilobi bat Sahatsa kalea 5 eskuinean eta beste bat 8 eskuinean; 6 hilobiko panteoi oso bana Makala kalea 2an eta 4ean. Hilobi guztion eskubideak “emakida administratiboaren bidez esleitzeko jardunbidea arautuko duen klausula juridiko, ekonomiko eta administratibo bereziak” onartu zituen udalbatzak aho batez, aipatu osoko bilkura hartan.
Plenoan hartutako erabakia martxoaren 23ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen Udalak. Biharamunetik zenbatzen hasita, interesdunek 30 eguneko epea dute deialdi honetan parte hartzeko.
50 urteetarako esleipenaz ari gara. "Hilobien eskubidearen emakida esleitzen zaionak, hainbat betebehar eta eskubide izango ditu, baldintza pleguetan jasotakoaren arabera", ohartarazi du Udalak. Lehiaketa publiko bidez bideratuko da esleipena. "Kudeaketa pribatuko hilobi bakoitzaren erabilpen pribatiboen kanona edo tasa 2.590,00 eurokoa izango da (seiko panteoi osoa 15.540,00 euro)". Horrekin batera, eskatzen den hilobi bakoitzeko 60 euroko bermea eskatuko da.
Dokumentazioa Usurbilgo Udaleko Zerbitzu eta Mantenu Sailean eskura daiteke. Agiriak, udal idazkaritzan aurkeztu beharko dira, astelehenetik ostiralera, 09:00-13:30 artean. Argibide gehiago udaletxean bertan edo 943 371 951 telefono zenbakian jaso ditzakezue.