Apirileko kultur agenda kalean

Noaua Aldizkaria 2018ko api. 3a, 11:00

Hilero moduan, Usurbilgo Udalak datozen asteetarako iragarri diren kultur hitzordu nagusien bilduma plazaratu du, apirileko kultur agendan. Mugimenduan jarriko gaitu urteko laugarren hilabete honek. Apirilaren 21ean ospatuko baita seigarren ediziora heldu den Dantza Eguna. Kalejira, emanaldi eta ikuskizunak iragarri ditu Orbeldi D.T.-k bi aste barrurako.

Musikari dagokionez, herri ezberdinetako 10 musikari eta abeslariz osatutako Tosta Bandaren kontzertu ikuskizunaren entsegu irekiaz gozatu ahalko dugu hilaren 25ean. 

Bertso-bazkaria

Haurrei zuzendutako hitzordu ugari estreinatu berri dugun hilabetean; astearte honetan (apirilak 3), eskulan tailerra Bihurri ludotekan eta bi txotxongilo ikuskizun. "Gatz Basatia" hilaren 15ean, eta "Kalean otso etxean uso" ikuskizuna hilabete amaieran. Eta haurren minbiziaren errealitatea jorratzen duen hitzaldi interesgarria apirilaren 18an, Hitz Ahoren eskutik.

Udarregi Ikastolaren 50. urtemugari lotuta, bertso-bazkaria iragarri dute apirilaren 14rako punta-puntako bi bertsolarirekin: Maialen Lujanbio eta Andoni Egañarekin. Txartelak aurrez eskuratu beharko dira.

Bi batzar ireki

Urte honetan izango ditugun bi ekimen garrantzitsu antolatzen segitzeko hitzordu bana bestalde, asteotan; Joxan Artzeri egingo zaion herri omenaldia eta Euskaraldia prestatzeko batzar ireki bana hain zuzen.

Euskarazko irakurketa topaketaren hamaikagarren edizioa ere ospatuko da hilabete honetan. Lanak aurreratzen hasteko, Aitziber Etxeberriaren "Nomada" eleberria hartuko dute ahotan.

"Harria hitz" bisita gidatuak edota Andatza M.K.T.-ren Gipuzkoako Birako laugarren etapa ere iragarri dira aste honetarako: