13 eskaera aurkeztu dira, Gernika ibilbidea 13ko alokairu sozialeko etxebizitzaren esleipen deialdira. Eskaerak banaka aztertu ostean, 10 onartu eta 3 baztertu ditu Udalak, web orri bidez berri eman dutenez. Onartu eta bazterturiko eskaeren behin behineko zerrendak ikusgai jarri zituen Udalak martxoaren 23an udaletxeko iragarki taulan, interesdunek, beharrezkotzat joko balute, erreklamazioak aurkeztu ditzaten.
Behin behinekotik behin betiko zerrendara
Gernika ibilbidea 13an, 1. eskuina helbidedun udal jabetzako alokairuko etxebizitza zozketa bidez esleitzeko oinarriak otsailaren 9an argitaratu zituen Usurbilgo Udalak. Interesdunek martxoaren 1a baino lehen aurkeztu behar zituzten eskabideak, udal errejistroan.
Pisuak 80 metro karratu ditu, 3 logela. “Etxebizitza, beharrezko guztiaz hornitutako sukaldearekin emango zaio errentariari”, ohartarazi du Udalak. Deialdi honetan parte hartzeko ezin da etxebizitzarik izan eta Usurbilen erroldatua egon behar da. "Usurbilgo pertsona fisiko/naturalak edo, bi, hiru, lau edo pertsona gehiagoz osatutako bizikidetzako unitateak aurkeztu ahal izango dira, eta etxebizitza babestuetara aurkeztu ahal izateko ohiko baldintzak bete beharko dituzte: etxebizitza eza, gutxieneko eta gehienezko diru-sarrerak izatea, gehienezko ondare jakin bat ez izatea... Etxebizitza jabetzan duten herritarrek ere lehiaketan parte hartu ahal izango dute, baldin eta aurreikusitako premia egoeraren batean aurkitzen badira", berri eman du Usurbilgo Udalak.
Aipatu moduan, etxebizitza zozketa bidez esleituko da. Eskatzaileek zerrenda bakarra osatuko dute. Ugartondoko etxebizitzekin egin bezala, eskabideak aurkezteko epea itxi ostean, behin behineko onartu eta bazterturikoen zerrenda argitaratu zuen Udalak martxoaren 23an. 10 eguneko alegazioetarako epea ireki zuten gero. Segidan, behin betiko zerrenda argitaratuko du Udalak. “Zozketan, behin behingo esleipendun bat izendatu eta itxarote-zerrenda bat osatuko da”. Pisua esleitzen zaionari urtebeterako kontratua egingo zaio, urtero 5 urtera arte luzatu ahalko dena. Ordaindu beharreko errenta, bizikidetza-unitate errentariaren urteko diru-sarreren araberakoa izango da. Urtero berraztertuko da.
Informazio gehiago: