Amador Granados Basque Team taldeko txirrindularia oso pozik itzuli da Munduko Txapelketatik eta jada hasi da Tokioko Jokoetan pentsatzen. Basque Team-en web orrialdean irakurri dugunez, “elkarrizketa guztietan esaten ari naiz luzapen denboran nagoela, eta horregatik diot domina honek Joko Olinpikoan lortutakoa baino zapore hobea utzi didala. Aurrekoan tentsioa zegoen, lan asko egin genuen, ahalegina handia izan zen eta aukera bakarra geneukan, lortu ala ez lortu, ez zegoen besterik. Domina honek zapore goxoagoa utzi didala iruditzen zait”.
Rio de Janeiron jokatu berri den Munduko Txapelketan, txirrindulari usurbildarra podiumeko hirugarren tokira igo zen taldekako abiadura proban, Alfonso Cabello eta Eduardo Santasekin batera.
Sailkapen txandan, Granadosen hirukoteak Amerikako Estatu Batuetakoa mendean hartu zuen hirugarren markarik onena eginda (50.928 segundo). Talde txinatarra oso gertu izan zuten (50.780), baita britainiarra ere (50.186) baina azken hauek sartu ziren urrezko domina eskuratzeko borrokan. Egindako denborak brontzezko dominagatik lehiatzeko aukera eman zion Granadosen hirukoteari eta azkenean lortu egin zuen saria, Jason Kimball, Joseph Berenyi eta Justin Widhalm estatubatuarrei nagusituta.
“Abiadura proban berdinak izan gara ziklo osoan. Nik lehen itzulia korritzen dut, Eduardo Santasek bigarrena eta Alfonso Cabellok hirugarrena, iaz izan ezik, lesioagatik Pablo Jaramillo sartu baitzen bere ordez. Denborei dagokienez, ezustekoa izan da zilarrezko eta urrezko dominetatik oso gertu egon garelako, bi ehuneneko baino ez zaizkigu falta izan borroka horretan sartzeko eta horrek bultzada handia eman digu. Datorren urtean Munduko Txapelketa jokatuko dugu, taldea doitzeko balio izango du, baina abiaduran domina lortuz gero, Jokoetan izango gara seguruenik”.
Palmares izugarria
Amador Granadosek nazioarteko txapelketetan bere palmaresa aberasten jarraitzen du. Basque Teameko kirolariak 11 domina pilatzen ditu Munduko Txapelketetan. Olinpiar abiadurako probari dagokionez, Amadorrek urre bat (2014), hiru zilar (2006, 2015, 2017), eta lau brontze (2010, 2012, 2016, 2018) ditu. 2016an, Cabello eta Santasekin batera,Amador Granadosek, brontzezko domina jantzi zuen Rio de Janeiroko Paralinpiar Jokoetan.
“Jokoetatik bueltatu nintzenetik luzapen denboran nago, epailearen txistuaren zain. Niretzat hau opari bat da. Ez dut presiorik oso lasai ekingo diodalako hurrengoari. Ongi egiten badut, ederto; eta ez bada ongi ateratzen, ez da ezer pasako. Urte bat gehiago egingo dut ahal izanez gero; lana, ordea, egin dut jada. Hala ere, ez dut amore emango eta hurrengo Jokoetan parte hartzen ahaleginduko naiz, dudan adinarekin ohikoa ez izan arren”, Basque Team taldearen hedabideetan aditzera eman duenez.
Aurrera begira, baditu hainbat hitzordu begipuntuan. “Selekzioan hautatzaileak abiadura probetarako baino ez nau nahi, horregatik orain atseden hartuko dut eta hilabete barru datorren urtean Holandan jokatuko den Munduko Txapelketa prestatzen hasiko naiz. Abiatzea hobetzen ahaleginduko naiz eta ea horrela urre eta zilarraren borroka horretan sartzen garen. Jokoetan izateko aurrerapauso itzela litzateke”.