Tren eta errrepideko pasabideetako segurtasun falta hizpide, azken plenoan

Noaua Aldizkaria 2018ko api. 3a, 13:00

EAJ-k gai honi buruzko mozioa aurkeztu zuen, martxoaren 27an egin zen osoko ohiko bilkuran. Zehazkiago esanda, Troiako pasabidearen gaia hartzen zuen ahotan. Hiru puntuko testuan, udal gobernu taldeari eskatzen zioten, zonalde horretan N-634 errepidea zeharkatu ahal izateko "Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura departamenduak planteaturiko pasabide semaforizatua gauzatu dadin, elkar lanari ekin diezaiola". Horrekin batera, "proiektu honetan udal eskuduntzakoak diren gaiak bere gain hartu ditzala" eta "ETS-rekin trenbidea gurutzatzeko pasabidearen soluzioa, finantzaketa eta epeak berretsi ditzala". 

Jeltzaleek ez dute ez zentzuzkotzat ezta errealistatzat jotzen udal gobernu taldeak Troian "2,4 milioi eurotako oinezkoen pasabide bat gauzatzea". Bere interesak alboratu eta dagokion erantzunkizunari aurre egitea eskatzen zioten mozio bidez. EAJ eta PSE-k babestu zuten testua ez zen onartu, gehiengo osoa duen EHBilduko ordezkariak aurka agertu baitziren.

Herri gisa erantzuteko deia

Udal gobernu taldetik tren nahiz errepideko pasabideetako puntu beltzen gaiari irtenbide duin eta osoa ematea lehentasunezkotzat jotzen dute. Herri gisa jarduteko deialdia egin zuen alkateak. Eragile politikoak, herritarrak eta udal teknikariak elkarlanean jardun eta hortik gai honi denen artean konponbide adostu bat ematea ahalbidetuko lukeen lan talde bat osatzea proposatu zuen EHBilduk osoko bilkura berean. 

EAJ-k egin ezinezkotzat jotzen duena, Eusko Trenbide Sareak landutako proiektua dela, proiektu oso serioa, eta aurrez salatu izan duen moduan, Foru Aldundia dela proiektu hau finantzatu nahi ez duena. Aldundiak egitasmo hau finantzatzeari uko egin zionetik, egoera nabarmen zaildu dela zioten EHBildutik azken plenoan, ordutik erakunde bakoitza bere aldetik ari delako konponbidea lantzen. Horren erakusgarri Udalak azken aldian jasotako konponbide proposamenak; batetik, Aldundiarena. Troian zebrabide bat egin eta semaforo bat jartzekoa. Bestetik, ETS-ren proposamena, trenbide pasagunean barrerak jartzearena, EHBildutik ziotenez, “ez baitago prest goiko pasarela osorik berak bakarrik ordaintzeko”. Konponbidea hau ote den galdetzen zuten udal gobernu taldetik.

Horregatik ezinbestekoa iruditzen zaio udal gobernu taldeari, gai honi, oinezkoen eta bizikleten joan etorriak egoki eta seguruak izatea sustatuko duen konponbide integral bat ematea elkarlanean, proiektu bateratu eta koordinatu bat abiatuz. Horretan ahalegintzen ari direla nabarmentu zuten. Udala, ETS eta Aldundia bateratuko lituzkeen bilera bat antolatu nahian dabiltza.

Puntu beltzik gabeko Usurbilen alde

Errepide nahiz trenbideko pasabideetako segurtasun faltaren gaia pil-pilean dugu herrian. Gogoan izan, herri agerraldi jendetsua egin zuten martxoaren 17an frontoian, puntu beltzik gabeko Usurbil nahi dutela galdegiteko. "Ez dugu onartzen gure segurtasunarekin jokatzea".

Trenbide eta errepideko pasabideetako segurtasun falta salatu eta neurriak hartzea eskatzen diete erakundeei. Agerraldi hau hasiera baino ez zela iragarri zuten. "Gaur plazaratutako aldarriarekin ahalik eta usurbildar gehienek bat egitea nahiko genuke". Honatx plazaratu zuten adierazpena, osorik:

"Puntu beltzik ez"