Kataluniako herriari eta Kataluniako herritarren ordezkari politikoei elkartasun eta babes osoa adierazi zieten usurbildarrek martxoa amaieran. Batetik, Gure Esku Dago Usurbilen ondoko irudian ikus dezakezuen moduan, martxoaren 25ean frontoi atzean egin zen elkarretaratzearen bidez. "Demokrazia" aldarriaren bueltan bildutako herritarrek, azken egunetan izandako atxiloketa eta espetxeratzeak salatu zituzten, aipatu moduan, Kataluniako herriari babesa adieraztearekin batera. Usurbilen bezala, eguerdi parte horretan Euskal Herri luze zabalean beste hamaika mobilizazio egin ziren, Gure Esku Dagok, EHBilduk, ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU, CNT, Etxalde eta EHNE sindikatuek deituta, "Kataluniarekin bat, demokrazia, askatasuna" aldarripean.
Gai zerrendan aurreikusia ez zegoen arren bestalde, martxoaren 27an egin zuten osoko bilkuran, katalanen ordezkari politikoen azken espetxeratzeen eta Carles Puigdemonten atxiloketaren aurkako adierazpena onartu zuen udalbatzak, EHBilduren aldeko bozkekin. EAJ abstenitu zen eta PSEko zinegotziak aurka bozkatu zuen. Honela dio, izatez adierazpen instituzional gisa onartzeko udal gobernu taldetik proposatu zuten testuak:
“ Jordi Turull, Carme Forcadell, Raül Romeva, Jospe Rull eta Dolors Bassa kartzeleratzea dimentsio politiko izugarria duen gertakaria da. Herritarrek aukeratutako ordezkari politikoak atxilo hartzea onartezina da demokrazian. Usurbilgo Udalak, batetik, kezka eta erabateko arbuioa adierazten du kartzeleratze horiengatik, eta bestetik pertsona horien oinarrizko printzipio demokratikoak urratzen direla salatzen du. Soilik arrazoi politikoen motibazioa eta bultzada dago atxilotze eta kartzelaratze horien atzetik.
Usurbilgo Udalak babesa eta elkartasuna adierazten die Jordi, Carme, Raül, Jospe eta Dolorsi, bai eta beste kartzeleratuei eta atzerrira ihes egindako guztiei. Denak libre utz ditzaten eskatzen dugu buruz, bihotzez, eta irmoki.
Era berean arbuiatzen dugu Carles Puigdemonten atxiloketa, erabaki horrek ere oinarrizko eskubide zibil eta politikoak urratzen dituelako. Carles askatzea eta euroagindua bertan behera uztea eskatzen dugu.
Estatu espainolari eskatzen diogu oinarrizko askatasunen aurkako estrategia errepresiboa bertan behera utz dezala, demokraziaren funtsezko printzipioen kontrakoa delako.
Kataluniari elkartasuna helarazi nahi diogu, arazo politikoaren eta errepresioaren jomuga Kataluniako gizarte osoa baita.
Kataluniak, Euskal Herriak eta munduko gainerako herriek bezalaxe, bere etorkizun politikoa erabakitzeko zilegitasun demokratikoa du, herritarrek demokratikoki adierazi eta erabakitzen dutenaren arabera”.