Landaberri Ikastolak Hezkuntza Delegatuari: "Badagokizu ikastetxeetako osasun baldintza egokien bermatzaile izatea"

Noaua Aldizkaria 2018ko api. 4a, 12:40

https://youtu.be/ZGmtU6oXGlw

Gutxienez bi urte daramatzate Lasarteko Landaberri Ikastolako kideek, gutun bidez Hezkuntza Delegazioari 500 metrotara eraikitzen ari zaizkien erraustegiari buruzko kezka agertu eta argibideak eskatzen. 2016an saiatu ziren, iaz berriz. Eta gaurkoz jaso duten erantzun bakarra, agindu bat izan da; erraustegiak haien ikasle eta hezitzaileen osasunean izan dezakeen eraginaz kezka agertu eta ikastola atarian zituzten pankartak (tartean ondoko irudian ageri dena) kentzekoa. Eta honako erantzuna: “Ordezkaritza honetako ekimen eremua gainditu egiten du”.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak urte hasieran Azkortera antolaturiko mendi martxa amaieran, eta otsailean Donostian antolaturiko manifestazio bukaerako ekitaldian, bizitzen ari ziren egoera plazaratu zuten jendaurrean. Aipatu ikastolak hedabideetara helarazitako ondoko gutunaren bidez erantzun diote orain Hezkuntza Delegatuari. "Ez dugu onartzen zure erantzuna. Hezkuntza buru zaren heinean, badagokizu ere ikastetxeetako osasun baldintza egokien bermatzaile izatea".

Gema Gonzalez de Txabarriri eskutitz irekia

Gema Gonzalez de Txabarri, Gipuzkoako Hezkuntza Ordezkari hori:hasteko, eskertu nahi dizugu hirugarren aldi honetan Landaberriko irakasleoi erantzuteagatik. Hala ere, gure zentrutik kilometro eskaseko distantziara eraikitzen ari diren errauskailuak irakasleon eta ikasleen osasunean eragin litzazkeen ondoriez argibideak eskatu genizkizun eta hauxe erantzun duzu: “Ordezkaritza honetako ekimen eremua gainditu egiten du”.

Ez dugu onartzen zure erantzuna. Hezkuntza buru zaren heinean, badagokizu ere ikastetxeetako osasun baldintza egokien bermatzaile izatea.

CSIC-en Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusian ari diren Eduard Rodriguez eta Fernando Palacios ikerlariek berriki jakitera eman dutenez, Zubieta erraustegiaren ingurumen baimen integratuak gabezi handiak ditu, ez dituelako aintzat hartu hainbat substantzia arriskutsu, horien artean metal astunak.

Errauskailuak sortuko lituzkeen dioxinak, nitrogeno oxidoak, eta arsenikoa arnastuko genuke.

Ikastetxean jarrita genituen eta errauskailuarekiko kezka adierazten duten pankartak kentzeko agindua eman zenuen, ordea. Eta hori bai, zure ekimen eremutik kanpo dagoela, Hezkuntza Ordezkaria. Administrazioaren otsailaren 13ko 1/2003 jarraibidearen arabera, ez duzu horretarako eskumenik. Berez, Lasarteko udalari baitagokio eraikinaren kudeaketa eta pankarten inguruko baimen edo agindua ematea.

Gure praktika pedagogikoan ikasleak beren kabuz pentsa dezaten hezten ditugu, gaien inguruan galderak egitera animatzen ditugu eta beren irudipena adieraz dezaten aukera emanez ere jarduten dugu. Aldi berean, hondakinen kudeaketan engaiatuta gaude. Hori dela eta, ezin dugu onartu ikasleekin bereizten ditugun plastikoak erraustegira bidera ditzatela.

Azkenik, zugandik eta Ikuskaritzatik jaso ditugun presioen aurrean, jakitera eman nahi dizugu ere, gure kezkak bere horretan dirauela eta pankartak jarrita jarraitzen dutela gure ikastolan.

Adeitasunez,

Maripi Arruiz, Marijo Vivas, Xabi Zendoia eta Iñigo Aldabaldetreku

Landaberri ikastolako irakasle kezkatuen izenean