Azken lau urteotan ezkutuan eginiko lana plazaratzen hasi da herriz herri Askekintza, animalien askapena helburu duen Gipuzkoako kolektiboa. Aipatu moduan, azken lau urteotan, ezkutuan, Euskal Herri luze zabaleko jaietan grabaturiko irudiekin "Gurean" dokumentala grabatu eta martxoa amaieran estreinatu zuten Donostian.
Ikus-entzunezko lan honetan, Euskal Herriko hainbat jaietan egiten den animalien erabilera biltzen da. Zehazkiago esanda, 30 herrietako irudiak ikus daitezke. Tartean, aurrerapen moduan argitara eman duten albiste honi atxikitako trailerrean ikus dezakezuenez, baita Usurbilgo jaietako idi-dema eta "Gorritiren show"-ekoak ere.
"Dokumentazio horrek argi erakusten du festetan gainontzeko animaliak haien borondatearen kontra erabiltzen direla, eta izugarria dela sufritzen duten zapalkuntza", dio Askekintzak. Lotsagarritzat jotzen dute horrelako praktikak onartu "eta gure pribilegioak erabiliz, gizakiok beste animaliak esplotatzen jarraitzea".
Gogoeta sustatu nahian
Egileen esanetan, dokumentalaren helburua, tradizio hauek zalantzan jarri eta gai honi buruzko gogoeta eta eztabaida sustatzea dira. "Bada garaia festak guztiontzat, beste animaliak errespetatuz eta berdintasunean ospatzeko", nabarmentzen dute. Aldarri honekin bat egitera deitzen ditu eragile eta erakundeak. Dagoeneko hainbat atxikimendu bildu dituzte.
Estreinatu berri duten dokumentala hainbat herri eta hirietan proiektatzekoak dira asteotan. Usurbildik gertuen, Hernanin (apirilaren 10ean, 19:00etan Biteri kultur etxean) eta Donostian (apirilaren 13an, 19:30etan Guardetxean). Emanaldia ikusteko sarrera doakoa izango da.
Albiste hau ilustratzeko baliatu dugun irudia, 2015eko Usurbilgo jaietan ospatu zen idi-deman ateratakoa da. Idi-demaren aurka talde batek protesta egin zuenekoa.
ASKEKINTZAREN KOMUNIKATUA
"Ospa ditzagun festak animaliak ere errespetatuz"
Euskal Herriko festetan urtero ehunka animalia gatibatzen, esplotatzen eta erailtzen dira. Sokamuturra, idi eta zaldi demak, ahari jokoak, zezenketak, arrantza eta ehiza txapelketak, asto lasterketak, animalia erakusketak, zaldi edo asto lasterketak... Adibideak amaiezinak dira, baina ezaugarri bat dute amankomunean: injustuak direla.
Festen inguruan gertatzen diren ekitaldi hauetan, gizakiak ez diren norbanakoak haien interesen aurka erabiltzen dira, gainean ibili, haiekin dibertitu edo hauei tiro egiteko. Jakinda beste animaliek guk bezala aske bizi eta errespeta daitezen nahi dutela, uste dugu ekitaldi horiek eraldatu egin behar ditugula.
Hori ikusita, Askekintzak Euskal Herriko festen inguruan inoiz egin den ikerketarik eta informazio-bilketarik handiena egin du. Azken lau urteetan Ikus-entzunezko milaka ordu eta argazkitan bildu du herriz herri animalia esplotatuek pairatzen dutena. Dokumentazio horrek argi erakusten du festetan gainontzeko animaliak haien borondatearen kontra erabiltzen direla, eta izugarria dela sufritzen duten zapalkuntza.
Herri gisa, lotsagarria da horrelako praktikak onartu eta, gure pribilegioak erabiliz, gizakiok beste animaliak esplotatzen jarraitzea. Ondorioz, dei egiten dizuegu Euskal Herriko jai batzorde, instituzio, kolektibo, eragile eta norbanako guztioi, festetan animaliak erabiltzeari utz diezaiozuen, gure aldarrira atxiki zaitezen eta gatazka honetan botere gutxien duenaren alde egin dezazuen.
Historian zehar, gure herriak aurrerapauso ugari eman ditu, harrotasunez, jendarte justuago bat sortzearen alde; orain, ordua da festetako animalien erabilerari aurre egiteko. Bada garaia festak guztiontzat, beste animaliak errespetatuz eta berdintasunean ospatzeko.
Atxikimendua adierazi duten kolektiboak: Piztiak; Animalia Kontzientea Bezala; Urola, Tolosaldea eta Goierri Antiespezista; EUskal Herriko Bilgune Feminista; Donostiako Piratak; Errekaleor Bizirik; Ekologistak Martxan; Zarauzko Jantoki Beganoa; Oreretako Txosna Batzordea; Stop Deshaucios; Bilboko Konpartsak; Lumaltik Herriak; Iruñea AntiTaurina; CNT; ESK...
Zure Euskal Herriko kolektiboaren atxikipena komunikatu honetara gehitu nahi baduzu idatziguzu hurrengo helbidera: askekintza@riseup.net