Udan etxean haur sahararrak hartzeko deia

Noaua Aldizkaria 2018ko api. 5a, 09:23

Datorren udan, uztailan eta abuztuan 10-12 urte arteko haur sahararrak etxean hartzeko familiak behar dira. Abian da beste behin, "Oporrak Bakean" egitasmoan izen emateko epea. 130 familia behar dituzte, errefuxiatu kanpamenduetan bizi diren haurrak etxean hartzeko. EAE-ko Saharar Ordezkariek, Saharar Herriaren Lagunen Elkarteek eta erakunde ezberdinek bultzaturiko proiektu honetan parte hartzera animatzen dute urtero. “Adin txikiko hauek, urtean gutxienez bi hilabetez, munduko desertutik gogorrenetik irteteko beharra dute eta orain dela 40 urte lapurtu zieten osasuna berreskuratzeko beharra dute. Modu orekatuan elikatzeko beharra dute, elikagai eskasiak eragindako gaixotasunak sendatzeko. Mediku errebisioetara joateko beharra dute, eta beharrezkoa balitz tratamentuekin hasi. Neska eta mutil hauek oporrak bakean izateko beharra dute, itzalean egiten dituen 55ºtik urrun”, adierazi dute.

Gaineratzen dutenez, haur sahararrek gure artean egiten dituzten udako bi hilabeteetako "elkarbizitza hau bi aldeentzat da aberasgarri, haurrek saharar errefuxiatu kanpamentuetatik oso ezberdinak diren gauzak ikasten dituztelako, eta guretzat herri xume honek dituen baloreak, kultura, egoera ezagutzeko. Programa honetan nahi duen orok parte hartu dezake, soilik denbora librea eta gogoa da izan beharrekoa. Programa hau aurrera eramateko beharrezkoa den gauza bakarra: zure elkartasuna".

Konpromisoak

Harrera familienak: besteak beste, adin txikia errespetatuz euren etxean abegitu, mantendu, babestu eta zaintzea; haurraren osasun errebisioak egin edo mediku arazoak konpontzea; beharrezko ekintzetan parte hartzea; programaren herriko arduradunen adierazpenak errespetatu eta jarraitzea...

Elkartearen eta udalaren adierazpenak: adin txikikoen ongizatea berrestea; zerrendako haurrez arduratzea; ahalik eta gehien zabaldu proiektua, harrera familia gehiago lortzeko; harrera familiak aukeratu; bidaia edota begiraleen kostuei aurre egitea; informazioa eskaini; adin txikikoak familian izan ditzakeen arazoak konpondu...

Argibide gehiagora Gizarte Zerbitzuetan edo 943 377 110 telefono zenbakian.