Txirrindulari gaztetxoen lasterketa larunbatean, Zumartegi industriagunean

Noaua Aldizkaria 2018ko api. 6a, 06:20

Infantil eta alebinen mailako txirrindulari gaztetxoen lasterketa antolatu dute larunbaterako (apirilak 7) arratsaldeko 16:30etan hasita, Usurbilgo Zumartegi industriagunean, Atxega Jauregiaren parean alegia.

Buruntzazpikoak bidera irteteko prest

Azken aldian bezala, Oiardo Kiroldegian, babesean aurkitu ditugu entrenatzen. Beharko, bizi izan dugun negu giroarekin. Baina kirol instalakuntzetako lau hormetatik irteteko gogotsu ziren elkarrizketatu genituenean. Asteotan jada, Zumartegi industriagunean aurkituko dituzue,  entrenamendu saioetan, baldin eta eguraldiak laguntzen badu, Luken Carbayeda taldeko entrenatzaileak adierazi digunez. “Negua txarra izan da, horregatik Kiroldegian serieak egiten aritu gara”. LH 5. mailatik DBH2ra arte, 11-14 urte arteko alebinak eta infantilak dituzte bilgunean. Gehienei galdetuta, etxetik, senideengandik jaso dute txirrindularitzarako zaletasuna, edota baita hedabideetan ikusitakotik ere.

Kirol jarduera eta ikasketak egoki uztartzea lehenesten dute Buruntzazpin, “hori uztartuz ahalik eta ondoen prestatu pertsona bezala eta gero 18 urtetik gora serioago hartu nahi bada, serioago hartu gauzak”. Bitartean, txirrindularitzaz gozatu, diziplina hartu eta ondo pasatzeko tartea eskaini nahi die Buruntzazpik.

Lasterketa Usurbilen, apirilaren 7an

Aipatu moduan, eginiko lanketa plazaratzeko aukera izango dute udaberri honetan. Lasterketez jositako urte garaia datorkie, Buruntzazpi txirrindulari taldeko kideei.

 “Martxotik hasita ekainera arte, gutxi gorabehera astero izango dugu lasterketaren bat”, aipatu digu taldeko kide Eneko Arangurenek.

Oiartzun, Errenteria eta Hondarribia aldean ibiliak dira azken aldian. Gipuzkoan barrena herri desberdinetan, gehientsuenetan industriaguneetan, antolatuko dituzten zirkuituetan parte hartuko dute hurrengo hilabeteotan. Besteak beste, Usurbilen ere jokatuko da lasterketa; apirilaren 7an, arratsaldeko 16:30etan hasita, Zumartegi industriagunean. “Denak gonbidatuak daude laskerketa ikustera”, hortxe Buruntzazpi taldekoen deialdia.

Agendan duten hitzordu garrantzitsuena ordea, maiatza erdialderako aurreikusia dute; Gipuzkoako Txapelketa hain zuzen. “Goierri, Deba aldekoak eta Urola Kostakoak, hiru zonaldeak batzen gara. Urteko karrera garrantzitsuena litzateke”, adierazi diote Buruntzazpiko kideek NOAUA!ri.

Ekitaldi hauekin batera, gaineratu dutenez, “mountain bike-eko lasterketa batzuk ere egiten ditugu”. Hitzordu gehiago. Astebete barru, Espainiako Txapelketa jokatuko dute zenbait kideek Euskadiko selekzioarekin.

Buruntzazpikoen lasterketak ikustera hurbiltzen dena, txirrindulari taldean parte hartu eta “probatzera animatzen bada, hemendik aurrera 18:30etan astelehen eta ostegunetan Zumartegi industriagunean bilduko gara. Gero batzuetan Urdaiagara igo, besteetan Zubieta aldera joan, edota industriaguneetan bueltaka hor ibiltzen gara”.

Kadete mailako bost txirrindulari ditu Buruntzazpik: Asier Pozo, Markel Aristegik, Beñat Carbayeda, Jaime Romero eta Yerai Chango. Eta haiekin ondoko irudietan dituzuen kideak: Xabat Zuriarrain, Aitor Alonso, Markel Tamayo, Unai Orbegozo, Julen Orbegozo, Julen Sarasa eta Eneko Aranguren.