Erraustegia geratzeagatik epaitzera doazen ordezkari politikoak babesteko manifestazioa larunbatean Azpeitian

Noaua Aldizkaria 2018ko api. 6a, 06:34

2013ko azaroan Zubietako erraustegia geratzeagatik apirilaren 12an Madrilen, Espainiako Kontu Auzitegian epaituko dituzte, garai hartako Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari Ainhoa Intxaurrandieta eta ingurumeneko foru diputatu Iñaki Errazkin. Duela ia bost urte erraustegiko lanen kontratu eteteak eragindako kalte ekonomikoa Intxaurrandietak eta Errazkinek bere gain hartzea nahi du, egun EAJ eta PSE alderdiek gehiengoa duten GHK-k. 40 milioi eurotik gorako zorra bi herritarrok beren poltsikotik ordaintzea galdegiten diete. 

Biei babesa eta elkartasuna adierazteko hainbat ekimen antolatzen ari dira. Batetik, erraustegiaren atzean dagoena plazaratu eta elkartasun bira ere baden "Angula ustelak" hitzaldi zikloa martxan du Gipuzkoa Zutik mugimenduak. Gipuzkoan herriz herri zabaltzen dabiltza. Martxoaren 7an Usurbilen izan ziren. Aldaketarik ez bada, maiatzaren 17rako iragarria dago Zubietako hitzaldia.

Horrekin batera, manifestazioa deitu dute larunbaterako (apirilak 7) Madrilen deklaratzera deitu dituzten bi kideetako baten, Iñaki Errazkinen sorterrian, Azpeitian. Mobilizazioa, 18:30etan abiatuko da Azpeitiko plazatik, "Iñaki eta Ainhoarekin elkartasuna. Alternatibak badaude" aldarripean. Manifestazio amaieran, bi auziperatuek eta Azpeitiko herri mugimenduko kideetako batek hitza hartuko dutela iragarri du Uztarriak.

Manifestazioa babes zabala jasotzen ari da.