Euskararen erabileraz hausnartu eta ekintzak sustatzeko Gazte Euskaltzaleen Topaketa antolatu dute

Noaua Aldizkaria 2018ko api. 6a, 11:45

NOAUA! K.E. kide duen Euskaltzaleen Topaguneak, Nafarroako eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluekin batera, Gazte Euskaltzaleen topaketa antolatu du maiatzaren 5ean Donostian, 09:00-17:30 artean. “Gure helburua sinplea bezain garrantzitsua da: Euskal Herriko gazteak elkartu nahi ditugu, euskararen erabileraz hausnartu eta ekintza zehatzak sustatzeko. Horretarako, elkarrizketa-gune autoeratuez baliatuko gara”, iragarri dute. Topaketarako izena aurrez eman daiteke helbide honetan: https://labur.eus/GOovg . Argibide gehiago bideotatik jaso ditzakezue:

688 648 352

rita@topagunea.eus

GUTUNA

Kaixo:

Topagunetik zuen elkarteko eta inguruko gazteentzako gonbidapena luzatu nahi dizuegu datorren maiatzaren 5ean Donostian egingo dugun Gazte Euskaltzaleen topaketara etortzeko.

Ekimen honen helburua da gazteek euskara nola bizi duten azaleratzea, erabilerako zein indargune eta hutsune dituzten identifikatzea eta ekimen berri eta eraginkorretarako ideiak sortzea. Bertan, egoera soziolinguistiko ezberdinetako eskualdeetako gazteak egotea nahi genuke, autopertzepzioak eta euskararen inguruko ikuspegiak anitzak izateko. Hala, askotariko bizipen eta ikuspegiak biltzen eta harremanetan ipintzen saiatuko gara.

Horregatik luzatzen dizuegu gonbidapena. Euskara zuen jardueraren zentroan dagoenez, zuen eskualdeko eta alorreko ordezkari izatea nahi genuke, zuen errealitatea ere bertan egon dadin.

Generazio gazteak gara euskararen ezagutza handiena dugunak. Zer behar dugu ezagutza hori erabilerara eramateko?

Saio hau bideratzeko Gune Irekiaren Teknologia erabiliko dugu. Gune Irekiak talde anitzetan sormenezko bilera eta ekitaldiak egiteko modu bat dira. Parte-hartzaileek osatzen dute garrantzia estrategikoa duen gai baten inguruko elkarrizketa paraleloen agenda propioa: zein da parte-hartzaile guztiek elkarrekin landu eta babestu dezaketen estrategia, taldea, erakundea edo komunitatea? Kasu honetan, gazteen euskararen erabilera izango da gai zentrala.

Topaketa maiatzaren 5ean izango da, Donostian, 9:00 – 17:30 bitartean (lekua zehazteke). Izen-ematea beharrezkoa izango da eta beheko estekaren bidez egin dezakezue.

Behean informazio eskuorria eta kartela deskargatzeko aukera duzue. Zuen inguruan topaketaren berri emateko erabilgarriak izan daitezke.

Edozein zalantza edo galdera izanez gero, jarri harremanetan 688648352 telefonoaren edo rita@topagunea.eus emailaren bitartez.

 

Mila esker eta maiatzean elkar ikusiko dugulakoan,

Ondo izan,

 

Rita Aldabaldetreku

Euskaltzaleen Topagunea

rita@topagunea.eus

688648352