2013ko azaroan Zubietako erraustegia geratzeagatik ostegun honetan, apirilaren 12an Madrilen, Espainiako Kontu Auzitegian epaituko dituzte, garai hartako Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari Ainhoa Intxaurrandieta eta ingurumeneko foru diputatu Iñaki Errazkin. Duela ia bost urte erraustegiko lanen kontratu eteteak eragindako kalte ekonomikoa Intxaurrandietak eta Errazkinek bere gain hartzea nahi du, egun EAJ eta PSE alderdiek gehiengoa duten GHK-k. 40 milioi eurotik gorako zorra bi herritarrok beren poltsikotik ordaintzea galdegiten diete.
Biei babesa eta elkartasuna adierazteko hainbat ekimen antolatzen ari dira. Epaiketa egunerako, ostegun honetarako (apirilak 12) kazeroladak eta karteladak deitu dira Gipuzkoako herrietan. Baita Usurbilen ere, ostegun arratsaldeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. “Ekarri tresna zaratatsuak!”, galdegin dute deitzaileek.
Errausketaren Aurkako Mugimenduak ateratako ondoko argazkietan ikus daitekeen moduan bestalde, epaituetako baten sorterrian, Azpeitian, manifestazio jendetsua egin zuten larunbatean, "Iñaki eta Ainhoarekin elkartasuna" aldarripean. Igande honetarako, Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen aldeko elkartasun ekitaldia antolatu du EHBilduk eguerdiko 12:30etan, larunbatean manifestazio jendetsua egin zuten herri berean, Azpeitian.
Azkenik, gogoan izan, erraustegiaren atzean dagoena plazaratu eta elkartasun bira ere baden "Angula ustelak" hitzaldi zikloa martxan du Gipuzkoa Zutik mugimenduak. Gipuzkoa luze zabalean hitzaldiak antolatu dituzten, tokian tokiko eragileekin elkarlanean. Martxoaren 7an Usurbilen izan ziren. Aldaketarik ez bada, maiatzaren 17rako iragarria dago Zubietako hitzaldia.