Eibar-Arrasate arteko bidea osatu ostean, maiatzean Senperera Andatzakoekin

Noaua Aldizkaria 2018ko api. 10a, 08:11

Tipi-tapa, Gipuzkoari bira ematen ari dira Andatza Mendizaleen Kirol Taldekoak urte hasieratik. Usurbildik abiatu ziren urtarrilean eta Zumaiarantz abiatu ziren lehenik. Otsailean Zumaiatik Saturraran arteko bidea osatu zuten. Joan den hilabetean, Saturraran-Eibar artekoa. Eta joan den igandean egin zuten txangoak, Eibar Udalarekin (Arrasate) lotu zuen. Apirilaren 8koa da hain zuzen, Andatzakoek ateratako ondoko argazkia.

Usurbildar mendizaleek Gipuzkoari bira ematen segiko diote ekainean. Kanpazarretik abiatu (Arrasate) eta Arlabanera joko dute (Leintz Gatzaga). Baina adi, aurretik, azken urteotan egin duten moduan, maiatzaren 13an ospatuko den Herri Urrats jaialdia baliatuta, Ereñozutik Senperera oinez joateko gonbita luzatzen digute hurrengo hilabetean. Bi eguneko txangoa izango den arren, egun baterako soilik parte hartu ahalko da. Asteotan emango dituzte asteburu pasa honen gaineko argibideak.

Gogoan izan, Andatza M.K.K.-k antolaturiko irteeretan parte hartzeko ezinbestekoa da mendiko federatua izan eta aseguru txartela indarrean edukitzea. “Federatu gabe dagoenari tramitea egingo diogu, hala nahi badu”.

Argibide gehiagorako: andatza@hotmail.com / andatzamendizale.info

Irudia: Andatza M.K.T.

2018ko txangoen egutegia

-Urtarrilak 14: Gipuzkoako Birako lehen etapa, Usurbil-Zumaia.

-Otsailak 11: Gipuzkoako Birako bigarren etapa, Zumaia-Saturraran.

-Martxoak 11: Gipuzkoako Birako hirugarren etapa, Saturraran-Eibar.

-Apirilak 8: Gipuzkoako Birako laugarren etapa, Eibar-Udala (Arrasate).

-Maiatzak 6: Andatza Eguna.

-Maiatzak 12-13: Herri Urrats (egun bat edo biko irteera):

Egun batekoa: Ereñozu-Lesaka / Lesaka-Senpere.

Bi egunekoa: Lizuniaga-Senpere.

-Ekainak 10: Gipuzkoako Birako bosgarren etapa, Kanpazar (Arrasate)-Arlaban (Leintz Gatzaga).

-Uztailak 7-8: Errioxara irteera, 2 egun.

Uztailaren 7an: Valgañón-Posadas.

Uztailaren 8an: Cubilla-Pancorbo.

-Irailak 9: Gipuzkoako Birako seigarren etapa, Arlaban-Arantzazu.

-Urriak 12-13-14: 3 eguneko irteera Pirinioetara:

Urriaren 12an: Santa Ana-Foratón-Lizara.

Urriaren 13an: Lizara-Bisaurin-Candanchu.

Urriaren 14an: Candanchu-Aspe-Lizara.

-Azaroak 11: Otsondo-Bidarrai.

-Azaroak 22, 23, 25: Mendi Astea:

Azaroak 22, 23: proiekzioak Sutegin.

Azaroak 25: mendi irteera.

-Abenduak 16: Hernio mendian ibilaldia, goiz pasa. Alkiza-Asteasu.

Informazio gehiago:

andatza@hotmail.com

andatzamendizale.info