Abisu horian prezipitazio iraunkorragatik ostegun goizera arte

Noaua Aldizkaria 2018ko api. 10a, 08:00

Prezipitazio iraunkorragatik abisu horia aktibatu du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak astearte eguerdiko 12:00etan, eta egoera berean izango gara ostegun goizeko 09:00ak arte. 24 ordutan metro karratuko 60 litro pila daitezke zenbait tokitan. 

Asteartetik asteazken arratsaldera eta ostegun goizaldean, "prezipitazio txiki-ertaina eta oso ugaria egingo du; zenbait lekutan prezipitazioa iraunkorra izango da". Euri gehien, asteazken arratsalde eta gauean bota dezake. "Ekialdeko zenbait lekutan 24 ordutan 80 l/m² pila daitezke. Prezipitazio ertaina eta oso ugaria egingo du; zenbait lekutan prezipitazioa iraunkorra izango da, batez ere egunaren bigarren partean".

EGUNOTARAKO IRAGARPENA

Apirilak 10, asteartea

"Asteartean giro euritsu eta ezatseginarekin jarraituko dugu. Goizeko lehen orduetan ateri eutsiko dio eta ostarte batzuk ireki daitezke; hego-mendebaldeko haizea ibiliko da. Goizak aurrera egin ahala, ordea, hodeitza trinkotu, haizea ipar-mendebaldera aldatu eta euritara joko du. Eguneko erdiko orduetan euria gogotik egingo du eta baliteke trumoi-ekaitzak izatea eta txingorra botatzea. Elur-kota jaitsi egingo da eta arratsaldetik aurrera 800-1000 m inguruan egongo da. Egunaren amaieran euria etengabe egingo du. Tenperaturan aldaketa handirik ez, altuenak 8-12 ºC artekoak izango dira".

Apirilak 11, asteazkena

"Asteazkenean giro oso euritsuarekin jarraituko dugu eta zenbait lekutan prezipitazioa oso ugaria izango da. Litekeena da ekaitzak jotzea, txingorra botatzea eta zenbait lekutan zaparradak handiak izatea. Egunaren lehenengo partean elur-kota 800-1000 m inguruan egongo da, baina arratsaldean 1200-1400 m-ra igoko da. Hotz egingo du, tenperatura nekez pasatuko da 10 ºC-tik. Mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, nahiko zakar kostaldean eta Ebro ibarrean".

Apirilak 12, osteguna

"Euri kontuekin jarraituko dugu. Egunaren hasieran euria etengabe egingo du, batez ere ipar isurialdean. Arratsaldean pixkanaka atertzera egingo du eta egunaren amaieran ostarteak irekiko dira. Elur-maila goizaldean 1200 m inguruan egongo da, baina arratsaldean 1500 m-tik gora kokatuko da. Tenperaturak ere nabarmen egingo du gora eta maximoak 15 ºC ingurukoak izango dira. Mendebaldeko haizea nagusituko da, baina indar gutxiagorekin, hala ere goizean Nafarroan baliteke ziertzoak enbarazu egitea".

Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus