Kazerolada eta kartelada herrikoia 20:00etan Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2018ko api. 12a, 06:40

2013ko azaroan erraustegiko lanak geratzeagatik epaituko dituzte ostegun honetan Madrilgo Kontu Auzitegian, Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin, garai hartako Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakaria eta foru ingurumen diputatua izandakoa hurrenez hurren.

Biei babesa eta elkartasuna adierazteko hainbat ekimen antolatzen ari dira. Epaiketa egunerako, ostegun honetarako (apirilak 12) kazeroladak eta karteladak deitu dira Gipuzkoako herrietan. Baita Usurbilen ere, ostegun arratsaldeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. “Ekarri tresna zaratatsuak!”, galdegin dute deitzaileek.

Auziperaturikoetako baten sorterrian, Azpeitian, manifestazio jendetsua egin zuten larunbatean, "Iñaki eta Ainhoarekin elkartasuna" aldarripean. Igande honetarako, Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen aldeko elkartasun ekitaldia antolatu du EHBilduk eguerdiko 12:30etan, larunbatean manifestazio jendetsua egin zuten herri berean, Azpeitian.

Azkenik, gogoan izan, erraustegiaren atzean dagoena plazaratu eta elkartasun bira ere baden "Angula ustelak" hitzaldi zikloa martxan du Gipuzkoa Zutik mugimenduak. Gipuzkoa luze zabalean hitzaldiak antolatu dituzten, tokian tokiko eragileekin elkarlanean. Martxoaren 7an Usurbilen izan ziren. Aldaketarik ez bada, maiatzaren 17rako iragarria dago Zubietako hitzaldia.

DEIALDIAK

Apirilak 12, osteguna

-Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen aurkako epaiketa Madrilgo Kontu Auzitegian.

20:00 Kazeroladak eta elkarretaratzeak herrietan. Usurbilgoa, Mikel Laboa plazan.

Apirilak 15, igandea

12:30 Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen aldeko elkartasun ekitaldia Azpeitian.

Deitzailea: EHBildu.

Maiatzak 17, osteguna

"Angula ustelak" hitzaldi zikloko solasaldia Zubietako Kaxkapen.

Antolatzailea: Gipuzkoa Zutik.