Martxoaz geroztik herri omenaldia prestatzen ari zaion bilguneak asteartean Potxoenean egin zuen bigarren bilkuran, urtarrilaren 12an zendu zen Joxean Artze omentzeko eguna finkatu zuen. Ekaineko hirugarren larunbatean, ekainaren 16an omenduko du Usurbilgo herriak sortzaile handia. Dagoeneko egun horretako egitaraua josten hasiak dira, irekia den batzorde honetan parte hartzen ari diren herritarrak. Poesia, txalaparta, eta musika izango ditu osagai nagusi.
Abian duten lanketari apirilaren 23an emango diote segida, 18:30etan Potxoenean deitu duten hirugarren bilera irekian. Edonork bertaratu eta parte har dezake antolaketa lanetan.
Artzeren unibertsoa, San Telmon ikusgai
2016ko ekainean Potxoenean izan genuen “Ikimilikiliklik, J.A. Artzeren unibertsoa” erakusketa Donostiako San Telmo museoko Laborategian bisitatu ahalko duzue berriz, apirilaren 18tik maiatzaren 20ra. Ordutegi honetan zabalduko dute, irudi, musika eta soinu mundu baten bidez, Artzeren 40 urte baino gehiagoan zehar garatutako lan poetikoan murgiltzea ahalbidetzen duen erakusketa: 10:00-20:00 artean, asteartetik igandera. Sarrera doakoa izango da.
Erakusketa hau antolatuta, Artze hil zen egun berean aipatu museoak sare sozialen bidez iragarritakoa beteko du. Erakusketa honen bidez omendu asmo du San Telmok, urte hasieran zendu zen sortzaile usurbildarra. Erakusketa honen baitan, hain zuzen, ekitaldia deitu dute apirilaren 24rako 20:00etan. Informazio gehiago: santelmomuseoa.eus