Altsasuko 3 gazteek 500 egun baino gehiago daramatzate epaitu gabe eta espetxean, 2016ko urrian Altsasuko taberna batean izandako gertaerengatik. Haiekin batera beste bost gazte ere terrorismo delitua egotzita epaitu asmo dituzte apirilaren 17tik 27ra Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskalak 50na urteko espetxe zigorra eskatzen die sei gazteei, 62 urtekoa eta 12 urtekoa beste biei.
Bizi duten egoera salatu, egozten zaien terrorismo delituaren kalifikazioa ezabatu, epaiketa Iruñean egin dadin galdegin eta Altsasuko gazteei elkartasuna adierazteko manifestazioa deitu dute larunbat honetarako, apirilaren 14rako Iruñean. Golem zinemetatik abiatuko da mobilizazioa, arratsaldeko 17:30etan, “Terrorismoa ez da. Justizia” aldarripean. Ernai Usurbilek ere bat egin du manifestazioarekin, azken egunotan plazan ateratako ondoko argazkiarekin.
Lasarte-Usurbil institutuko ikasleek ere atxikimendua adierazi diote manifestazioari. "Altsasukoak aske" nahi dituztela adierazi zuten ostegunean egin zuten elkarretaratzean. Informazio gehiago: altsasugurasoak.com Irudia: Ernai Usurbil.
Neurrigabekeria onartezina Udalarentzat, Fiskaltzak Altsasuko gazteentzat eskatutako espetxealdiak
Fiskaltzak Altsasuko gazteentzako eskatutako espetxealdia, “Zuzenbidezko Estatu batean onartezina litzatekeen neurrigabekeria” da, EHBilduk aurkeztu eta iazko uztailaren 26ko osoko bilkuran udalbatzak gehiengo osoz onartu zuen adierazpenak dioenez. EAJ-ko ordezkariek ere adierazpen hau babestu zuten. PSE-ko ordezkaria aurka agertu zen.
Modu honetan, “Usurbilgo Udalak erabateko desadostasuna adierazten du Fiskalaren zigor eskaeren aurrean eta kezka handia adierazten du gertaeren bilakaerarengatik, kasua neurrigabekeria eta bidegabekeria onartezin batera heldu dela ikusita”. Normaltasun eta elkarbizitza demokratikoaren aurkakotzat jotzen du, “kasu hau inguratzen duen neurrigabekeria”. Altsasuko gertaerak epaitzeko eskumena Iruñeako epaitegiarena behar lukeela defendatzen du adierazpenak, Nafarroako Probintzia Auzitegiak adierazi duen moduan: erakunde adierazpena