Euskal Herrian egin den inoizko mobilizazio handiena iragarria du Gure Esku Dago mugimenduak ekainaren 10erako; Donostia, Bilbo eta Gasteiz, eta bidean hamaika herri lotu eta 201,9 kilometro luze izango dituen giza-katea. Gogoan izan, Usurbildik eta Aginagatik ere igaroko dela, "Eman eskua etorkizunari" aldarripean burutuko den erabakitze eskubidearen aldeko ekimena.
Giza-kate hau antolatzeko lanketa betean da Gure Esku Dago mugimendua. Hitzordua iragartzeko "spot" bat grabatzera doaz asteotan, eta iragarri dutenez, lehen irudiak, Usurbilgo plazan grabatuko dituzte apirilaren 15ean, goizeko 9:00etatik aurrera. Grabaketarako 500 pertsonatik gora behar dituztela adierazi dute Gure Esku Dago mugimendutik. Deialdia irekia izango da, edonork parte hartu ahalko du. "Usurbilgo plazan hartuko dira lehen irudiak! 500 lagunetik gora behar dira. Usurbildarrok ere jarri beharko dugu gure aletxoa, ezta? Animatu eta zatoz!", luzatu dute gonbita Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldetik.
Usurbilen soilik ez, Donostiako Bidebietan ere egingo dute grabazioa egun berean 14:00etan (Serapio Mujika kalea 25ean) eta apirilaren 21ean eta 22an Gasteizen.
https://twitter.com/twitter/statuses/983636276267175936
Internet bidezko izen ematea ere zabalik
Gogoan izan bestalde, giza-katerako izen emateko epea zabalik dagoela, baita Internet bidezkoa ere. Modu honetan apuntatu nahi duenak, https://gizakatea.gureeskudago.eus atarira sartu behar du, eta bertan dagoen formularioa datu pertsonalekin bete.
Inskripzioa bideratzeko gerturatu bestela, Usurbilgo Gure Esku Dagok astebururo (ostiral iluntzeetan, eta larunbat nahiz igande eguerdi partean) frontoi inguruan jarri ohi duen postura. Ekainaren 10eko hitzordurako izena ematearekin batera, "ekimena finantzatzeko painueloa (5 euro) eta kamiseta berriak (10 euro) erosteko aukera izango da”.
Udaberriko oporren aurretik, jada 140 lagunek giza-katean parte hartzeko izena emana zuten. Baina adi, gutxienez 1.000 herritar beharko dira Usurbilen (Txara ingurutik Ucin lantegi parera arte) eta Aginaga kaxkoko giza-kate zatiak osatzeko.
Antolaketa lanetan ere parte hartu daiteke. “Giza-katea ongi atera dadin, lan asko dugu aurretik eta beraz, laguntza oro izango da ongi etorria. Bakoitzak ahal duen neurrian eta moduan, guztiok gara beharrezkoak erabakitze eskubidearen aldeko borrokan. Bere aletxoa jarri nahi duen edozein herritarri ostegunetako bilera irekietara hurbiltzeko gonbita egiten diogu”. Ostegun arratsaldeko biltzen dira 19:00etan Potxoenean.
Usurbil eta Aginagatik igaroko da
Eguna: ekainak 10, igandea.
Aldarria: "Eman eskua etorkizunari".
Ibilbidea: Donostiako Kontxatik Gasteizeraino.
Luzeera: 201,9 kilometro.
Oharra: Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza-katea Usurbil eta Aginagatik igaroko da. Usurbilek bi kilometro betetzeko ardura izango du, Txara paretik (Ugaldea industriagunerako sarbide paretik), Kale Nagusia zeharkatu eta Atxegalde auzoa igaro arte, Ucin enpresa pareraino. Kilometro erdi bat Aginagako Kaxkoan. 1.000 herritar baino gehiago beharko dira.
Informazio gehiago: gureeskudago.eus
Deitzailea: Gure Esku Dago.
Prestaketak
-Giza-katerako izen emate mahaia astebururo frontoi inguruan: ostiral arratsaldeetan, larunbat eta igande eguerdietan.
-Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldearen bilerak ostegunero 19:00etan Potxoenean.
-Giza-kateko spot grabaketa apirilaren 15ean 09:00etan Usurbilgo plazan.
-Informazio gehiago:
Facebook: Gure Esku Dago Usurbil
Twitter: @GureEskuDagoU