Urte luzez, milaka gipuzkoarren mandatuari bidea emateagatik, 2013ko azaroan Zubietako erraustegiko lanak eteteagatik epaitu zituzten ostegunean, garai hartako Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari Ainhoa Intxaurrandieta eta foru ingurumen diputatu ohi Iñaki Errazkin. Hainbat erreakzio eragin ditu epaiketak, kalean nahiz sare sozialetan. Ugariak izan dira azken orduetan, Intxaurrandietak eta Errazkinek jasotako babes eta elkartasun mezuak, besteak beste, epaiketa egunez, atzo arratsaldean Gipuzkoako herrietan egin ziren hainbat protesta ekimenen bidez.
Epaiketaren biharamun honetan Usurbilgo EHBilduk berri eman duenez, apirilaren 24an udalbatzak egingo duen osoko ohiko bilkurara eramango du gai hau, mozio moduan. Albiste honi atxikia duzue testua bere osotasunean. Hiru puntu ditu testuak. Lehenengoan, Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkini babesa adierazi eta haien absoluzioa galdegiten du. Bigarrenik erraustegia bertan behera uztea eskatzen dio Aldundiari, "hondakinak kudeatzeko beste modu iraunkorragoen alde egiteko". Azkenik, "Usurbilgo Udalbatzak politika eta herritarrei emandako hitza betetzeko hartutako erabakien zilegitasuna aldarrikatzen du".